Jesuiten Espainiako Probintziaren lehen topaketa bihar hasiko da Loiolan

Uztarria.eus 2016ko mar. 30a, 17:40

170 erlijioso eta laiko elkartuko dira, apirilaren 3a arte luzatuko diren jardunaldietan. Loiolako Espiritualtasun Zentroan egingo dute topaketa.

Jesusen Lagundiaren Espainiako Probintziaren lehendabiziko topaketa egingo dute Loiolan, martxoaren 31tik apirilaren 3ra. Jesuiten barne antolakuntzan, 2014an sortu zuten Espainiako Probintzia deritzona, eta bihartik igandera Azpeitian egingo dutena izango dute lehenengo topaketa nagusia.

Loiolako Santutegiko arduradunek jakinarazi dutenez, "probintzia osatzen duten tokiko plataforma guztietatik etorritako 170 jesuita eta laiko elkartuko dira" Loiolan datozen egunetan. Probintziaren kideen artean "gorputz bakarra osatzearen sentipena indartzea" da jardunaldien helburuetako bat. Besteak, berriz, Kongregazio Probintzialak topaketarako proposatu dituen "hiru deien" bueltan garatuko dituzte; "muga eta periferietara jotzea, fedearen zerbitzua gaurkotzea, eta izate jesuitan sakontzea" dira, hain zuzen ere, hiru deiak.

Loiolako Espiritualtasun Zentroan egingo dute topaketa eta, lau egunetan, mahai-inguruak, tailerrak, aurkezpenak, testigantza pertsonalak eta bestelako jarduerak egingo dituzte.