Bete arte, eta pixka bat gehiago

Gipuzkoako Hitza 2016ko mar. 29a, 17:21

Uztarria aldizkariak martxoko zenbakian bezala, Lapatxeko zabortegiaren gainean erreportajea egin du Gipuzkoako Hitza-k ere.

Hogei urteko bizitza eman zioten ireki zutenean, baina 28 igaro dira eta martxan jarraitzen du Azpeitiko Lapatx zabortegiak, Gipuzkoan zabalik den bakarrak. Eta GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioagatik balitz, hala segiko luke beste puska batean ere. Lapatx ixteko data hainbatetan jarri izan duten arren -lehenengoa, 2009rako-, emandako hitzak baino indar handiagoa izan dute luzamenduetarako arrazoiek. Baina, azkeneko saiakeran, GHK-k ez du esperotako erantzuna jaso. Beste behin ere zabortegiaren jarduna luzatzeko -otsailaren 3an ixtekoak ziren, aurten- eta eremua handitzeko eskatu dio Urola Erdiko Mankomunitateari -erakunde horrek kudeatzen du Lapatx-. Hark baiezkoa eman dio erabat bete arte hondakinak jasotzen jarraitzeari; ezezkoa, ordea, zabortegia handitzeari. Betetzen denean itxi egingo dute, beraz.

Baina, noiz? Inor ez da ausartzen itxierari eguna jartzera. "Gipuzkoa guztiko zaborra hartzen jarraitu izan bagenu, lau hilabetean betetzeko aurreikuspena genuen", dio Aitor Bereziartua Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak. "Orain, ordea, hondakinen parte bat Kantabriara eramaten ari da GHK, eta, otsailean, Gipuzkoa guztitik etorri ohi den hondakinen herena bakarrik etorri da. Horregatik, ezinezkoa da ixteko egun bat jartzea, ez dakigulako datozen asteetan zenbat zabor etorriko den. Betetzen denean itxiko dugu eta kito".

GHKren asmoa zen Gipuzkoa guztiko hondakinak beste urtebetez Lapatxen hartzea, eremu hartan bertan 175.000 metro kubikoko beste zabortegi bat eginda. Gastu guztiak bere gain hartzeko prest zegoen erakunde hori. "Edukiera biderkatu eta zaborrarekin mendi bat egitea planteatu zigun, baina ez, Azpeitiko udal gobernuak hartuta dauka Lapatx ixteko erabakia", dio Eneko Etxeberria alkateak.

Erreportajea osorik irakurtzeko, joan Gipuzkoako Hitza-ren webgunera.