Azpeitia eta Lasao arteko arbolen mozketa salatu du Zuhaitzak Bizirik taldeak

Urola Kostako Hitza 2016ko ots. 19a, 11:38
Jabier Albizuri, atzo, Lasao eta Azpeitia arteko bidegorrian. (Ana Abarisketa)

Bidegorriko ehundaka zuhaitzek jasandako "gehiegizko" mozketa salatu dute. Azpeitia eta Lasao artekoak lizarrak dira, horietatik 70 "erabat kaltetu" dituzte.

Zuhaitzak Bizirik taldeak salaketa jarri zuen joan den astean, otsailaren 9an, "zuhaitzetan gehiegizko mozketak" egin dituztelako Azpeitia eta Lasao arteko bidean. "Bidegorriko ehundaka zuhaitz gehiegi kimatu zituzten otsailaren 8tik 10era bitartean, eta horietatik 70 oso egoera txarrean daude orain", esan zuen atzo bidegorrian bertan egindako agerraldian Jabier Albizuri Zuhaitzak Bizirik taldeko kideak. Hori dela-eta, bailarako zuhaitz ondareak "ikaragarrizko jipoia" jaso duela salatu dute.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide eta Azpiegituren ardura dira herrialdeko bidegorri guztiak. Azpeitia eta Lasao arteko lanak azpikontratatutako enpresa batek egin ditu. Albizuri beraiekin jarri zen harremanetan, eta haiek azaldu zioten gauetan pizten diren farolen argia ez oztopatzeko moztu zituztela arbolak. Horrez gain, erantzun zioten zuhaitzek elkar ukitzen zutela eta orbelekin irristatzeko arriskua zegoela.

Albiste osoa, Urola Kostako Hitza-ren webgunean.