Zazpi ikastaro eskainiko ditu Deustuko Unibertsitateak Azpeitian, otsailean hasita

Uztarria.eus 2016ko ots. 5a, 15:29
Gaurko sinadura ekitaldia

Guztira zazpi izango dira, aisialdi kulturala eta enpresa kudeaketa hizpide hartuta. Otsailaren 18ra arte eman daiteke izena udaletxean, Udal Liburutegian edo ikastaroak@azpeitia.eus helbide elektronikoan. Saio guztiak gazteleraz nahiz euskaraz eskainiko dira. 

Hainbat ikastaro eskainiko ditu Deustuko Unibertsitateak Azpeitian otsailean hasita. Gaur, ostirala, izan da sinadura ekitaldia eta bertan izan dira Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Jose Maria Guibert Deustuko errektorea, Victor Urcelay Deustuko Unibertsitateko Ekintzailetza eta Etengabeko Prestakuntzako errektoreordea, Edurne Zubia Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduraduna, Yolanda Lazaro Deusto Bide Herritartasun Eskolako zuzendaria eta Ainara Larrañaga Azpeitiko Udaleko zinegotzia.

Eskainiko dituzten ikastaroak bi programetan banatzen dira: Kultura eta aisia unibertsitatean, batetik; eta Ekitea eta enpreak kudeatzen ikasteko ikastaroa, bestetik. Kultura eta aisia unibertsitatean programaren baitan hiru ikastaro eskainiko dituzte: Euskal mitologia eta kristautasuna, Musika udaberriko arratsalde baterako eta Kulturak, idenditateak eta lurraldeak gizarte globalean. Enpresak kudeatzen ikasteko programan, aldiz, lau: Ideiatik negozio-planera, Finantza-kudeaketa finantzari ez direnentzat, Behar-beharrezko tresna digitalak negozio bat garatzeko eta Enpresen lege alderdiak: oinarrizko esparru juridikoa

Ikastaroen aurre-marikula egiteko epea otsailaren 18ra arte izango da eta horretarako udaletxean, liburutegian edo ikastaroak@azpeitia.eus helbide elektronikoan eman behar da izena. Ikasleek ikastaro bat edo gehiago aukeratu ahal izango dituzte eta horren araberakoa izango da prezioa: ikastaro batean izena emanez gero 20 euro ordaindu behar dira, bi ikastaroren kasuan 30 euro, hiru ikastaroren prezioa 40 euro da eta lau ikastarorena 60 euro. Saioen amaieran ikaslea klaseen %80ra joaten bada, itzuli egingo zaio ordaindutako diru kopurua. Ezin izango da klasera huts egin izanik justifikatu, ordea. Saioak Baigerako laugarren solairuan izango dira eta guztiak euskaraz nahiz gaztelaniaz izango dira. 

Ikastaroen egutegia eta ordutegiak 

Kultur aisia unibertsitatean:

  • Euskal mitologia eta kristautasuna. Saioak otsailaren 24an, martxoaren 2an, 9an eta 16an eta apirilaren 6an eta 13an izango dira, 16:00etatik 18:00etara.
  • Musika udaberriko arratsalde baterako. Apirilaren 20an eta 27an zein maiatzaren 4an, 11n, 18an eta 25ean izango dira saioak, 16:00etatik 18:00etara.
  • Gu eta besteak? Kulturak, identitateak eta lurraldeak gizarte globalean. Urriaren 19an eta 26an eta azaroaren 2an, 9an, 16an eta 23an izango dira eskolak, 16:00etatik 18:00etara.

Ekitea eta enpresak kudeatzen ikastea

  • Ideiatik negozio-planera tailerra. Otsailaren 23an eta 25ean eta martxoaren 1ean, 3an, 8an, 10ean, 15ean eta 17an izango dira eskolak, 14:30etik 16:30era.
  • Finantza-kudeaketa finantzari ez direnentzat tailerra. Apirilaren 5ean, 7an, 12an, 14an, 19an, 21ean, 26an eta 29an izango dira saioak, 14:30etik 16:30era.
  • Behar-beharrezko tresna digitalak negozio bat garatzeko tailerra. Maiatzaren 3an, 5ean, 10ean, 12an, 17an, 19an, 24an eta 26an izango dira eskolak, 14:30etik 16:30era.
  • Enpresaren lege alderdiak; oinarrizko esparru juridikoa tailerra. Urriaren 3an, 5ean, 10ean, 17an, 19an, 24an, 26an eta 31n izango dira eskolak, 14:30etik 16:30era.

"Formakuntza ezinbestekoa"

Eneko Etxeberriak adierazi du "erabaki garrantzitsua" dela halako formakuntza eskaintzea. Izan ere, azaldu du, hezkuntza eta formazioa eskubidea dela. Ondorioz, erakunde publikoei formazio hori "eskaintzea eta bermatzea" dagokiela gaineratu du. "Zenbat eta formazio handiagoa izan, begirada kritikoagoa izango dugu". 

"Unibertsitatea Azpeitira ekartzea" aspalditik Azpeitiko Udalak duen nahia dela aipatu du Etxeberriak. Horren ildotik, gaur sinatutako hitzarmena "aurrerapauso" handia dela uste du. Azpeitiko herria eta Deustuko Unibertsitatea "guztiz lotuta" daudela ere aipatu du. Bestalde, eskerrak eman dizkie "formakuntza hori herrira ekartzera bidean lanean aritu diren guztiei" eta, "bereziki", Deustuko errektore Jose Maria Guibert azpeitiarrari: "Orain dela lau urte ezagutu ginen eta orduztik helburu berriak lortzera begira beti lagundu izan dit", esan du. 

Jose Maria Guibert Deustuko Unibertsitateko errektoreak ere hartu du hitza: "Saioen helburua prestakuntza lortzea eta hobetzea da, irizpide etikoak kontuan hartuta". Helburu horiek zabaltzeko, esan du "ezinbestekoa" dela Azpeitia bezalako herrietatik hastea.