Alokairua ordaintzeko 68 laguntza eman zituen Udalak 2015ean

Uztarria.eus 2016ko urt. 29a, 16:05
Udalaren diru-laguntzen berri ematen Agustin Lizarralde eta Estitxu Elduaien zinegotziak (Azpeitiko Udala)

150.000 euro bideratu zituen Udalak 2015ean alokairuko laguntzetara eta 2016an ere beste horrenbeste bideratuko ditu. Laguntzak "udaberri alderako ateratzeko asmoa" dute eta aurtengo babes ekonomikoaren zenbatekoa diru-sarreren araberakoa izango da. 

Azpeitiko Udalak 68 etxebizitza alokatzeko diru-laguntza eman zuen 2015ean. Horietatik 52, 18 eta 35 urte bitarteko herritarrei eman zizkien Udalak. Banandutako herritarren artean zortzi laguntza eman zituen eta beste zortzi, berriz, 70 urtetik gorako herritarren artean. 

2014an jarri zituen abian Udalak etxebizitza alokatzeko diru-laguntzak, "etxebizitza politika berriak garatzeko asmoz", eta azken bi urteetan 115 herritarrek jaso dute laguntza dagoeneko.

Agustin Lizarralde zinegotziak azaldu duenez, diru-laguntzen helburuak "alokairua ordaintzeko arazoak dituzten herritarrei laguntza eskaintzea, herriko etxe hutsak merkaturatu eta alokairua sustatzea, eta Alde Zaharra biziberritzeko beste pauso bat ematea" dira. 

Iaz, 150.000 euro bideratu zituen Udalak etxebizitzak alokatzeko laguntzetara, eta jakinarazi duenez 2016an ere "beste horrenbeste" bideratuko ditu. Estitxu Elduaien zinegotziak azaldu duenez, "babes soziala indartzeko balio dute, beharra duten herritarrei etxebizitza ordaintzen laguntzeko balio dutelako". Horrez gain, esan du "alokairua sustatzeko ere" balio dutela, "herrian alokatzeko dauden etxeen kopurua nabarmen murriztu delako". Elduaienek nabarmendu du "diru-laguntzak Alde Zaharra biziberritzen ere laguntzen ari direla" eta emaitza horiek "bide egokitik" doazela erakusten dietela. Horregatik, "horretan jarraitzeko apustua egiten dugu", gaineratu du.

Aurtengo laguntzak "udaberri alderako ateratzeko asmoa" du Udalak, eta horretarako dagoeneko lanean ari direla jakinarazi dute, "oinarriak berrikusi eta ahalik eta egokien fintzeko". Lan hori bukatu ostean egingo du Udalak laguntzak eskatzeko deialdia.

Hauek izan dira 2015ean diru-laguntza eskatzeko betekizunak:

  • Hamar urtez edo gehiagoz Azpeitian erroldatuta egotea.
  • 18 eta 35 urte bitartean izatea.
  • Mugikortasun arazoak dituzten pertsonak izatea.
  • 70 gorako bizilagunak izatea.
  • Banatutako herritarrak izatea.
  • Gehienez, urtean, 28.000 euroko diru-sarrerak izatea, laguntza eskatzen duena pertsona bakarra bada. Eskatzaileak bi edo gehiago badira, gehienez, 35.000 euroko diru-sarrerak izatea, guztien artean. 

Aurtengo laguntzen zenbatekoa diru-sarreren araberakoa izango da eta ondorengoak dira baremoak:

  • 0 euro eta 15.000 euro artean: alokairuaren %50 ordainduko zaio.
  • 15.000 euro eta 21.000 euro artean: alokairuaren %40 ordainduko zaio.
  • 21.000 euro eta 30.000 euro artea: alokairuaren %30 ordainduko zaio.
  • 30.000 euro eta 35.000 euro artean: alokairuaren %20 ordainduko zaio.