Lasaoko auzo lokala, erabiltzen hasteko pronto

Uztarria.eus 2016ko urt. 28a, 18:56
Lasaoko Aisialdi Egoitza izena jarri diote gune berriari.

Lan denak bukatuta, Zestoako Udalari lagapenerako eskaera egin dio Lasaoko Auzo Elkarteak. Prozedura administratibo hori luzatu daitekeen arren, egoitza berrian "probisionalki funtzionatzen" hastea espero dute lasaotarrek. Lehen hitzordua Santa Eskeko festarekin izango dute, otsailaren 6an.

Lasaoko Aisialdi Egoitza bukatuta dago, eta lasaotarrak hura erabiltzen hasteko pronto. Izen hori jarri diote umeen parkearen ondoan kokatu eta prestatu duten prefabrikatutako auzo lokalari, Lasaoko bizilagunen aspaldiko eskaerari erantzunez lasaotarrak elkartzeko tokia izango den egoitzari.

2014ko irailean adostu zuten Azpeitiko eta Zestoako udalek Lasaon lokala eraikitzea. Horretarako lanak, bi udalen artean ordainduta, urte hartako azaroan hasiko zituztela ere iragarri zuten, baina azkenean luzatu egin zen kontua. Hala, 2015eko udaberri bukaeran hasi zituzten obrak.

Orain, eraikina eta inguruko urbanizazio lanak guztiz bukatuta, auzo lokala ofizialki martxan jartzeko pausoren bat gelditzen zaie, ordea. Lokala Zestoako Udalaren lurretan dagoenez, udal horrek lokalaren lagapena egin behar dio Lasaoko Auzo Elkarteari. "Elkarte bezala erregistratu berri gara, eta elkartearen izenean egin diogu lagapenerako eskaera Zestoako Udalari. Hitzarmena egin behar dugu udalarekin, lokalaren erabilerarako", azaldu du Mari Jose Azkue Lasaoko auzo alkateak.

Hala ere, "probisionalki funtzionatzen" hasteko arazorik ez dutela izango uste du Azkuek. Joan den azaroan, urbanizazio lanak oraindik guztiz bukatu gabe zeudela, baimena eskatu eta "hiru bat egunez utzi" zieten erabiltzen, San Martin festetarako. Lokal berriarekin hurrengo hitzordua ere festa girokoa izango dute: otsailaren 6an egingo dute Santa Eskea Lasaon, eta lokala irekita izango da egun horretan.