Sansebastianak 2016

Umeek ez dute handien inbidiarik

Uztarria.eus 2016ko urt. 20a, 15:41
Umeen danborradak kolorez eta festa giroz bete du plaza.

Eguraldi bikainak lagunduta, ikuskizun bikaina eskaini dute umeen danborradako kideek San Sebastian egunaren eguerdi partean. Inazio Agirreri eskainitakoa izan da aurtengo karroza eta omenaldia plazan borobildu du Udalak, haren alargunari lore sorta emanez.

Aitzakiarik gabeko giroa izan da Azpeitian San Sebastian eguneko eguerdian. Eguraldia izan da aitzakiarik gabekoa eta, zer esanik ez, umeen danborradan parte hartu duten ikasleek eskaini duten ikuskizuna.

Gogotsu eta umoretsu ibili dira kalez kale danbor-jotzaile, banderadun, kantinera, zuzendari eta gastadore txikiak, handien batere inbidiarik ez dutela erakutsiz. Inude, sukaldari eta soldadu txikiak ere ugari elkartu dira danborradako taldeen atzetik eta karrozaren aurretik. Eta guztiei begira, jendetza elkartu da ibilbide osoan.

Urte askotan San Sebastian eguneko danborradarako karroza egitearen ardura izan zuen Inazio Agirreri eskainitakoa izan da aurtengo karroza. Hain justu haren biloba batek, Naiara Larrañagak, egin du aitonari eskainitako karroza hori. Agirre zenari eskainitako omenaldia plazan borobildu du Udalak, danborradako taldeak han elkartu direnean. Eneko Etxeberria alkateak lore sorta eman dio Carmen Eizmendiri, Agirreren alargunari, senarrari eskaini eta bilobak egindako karrozaren aldamenean.