Sansebastianak 2016

Urrezko atabalak

Uztarria.eus 2016ko urt. 18a, 20:24

Alkartasuna eta Zezenzaleak taldeek 50. aldiz joko dute aurtengo danborradan. Historiak utzitako mila istorio dituzte bi taldeotako kideek. Uztarria herri aldizkariaren urtarrileko zenbakirako kontatu dituzte horietako batzuk. Uztarriaren 179. zenbakia den hori osorik irakur daiteke jada webgunean, PDF formatuan, hemen.

Duela 57 urte, 1959an, egin zen helduen danborrada aurrenekoz Azpeitian. Ordutik, ia hutsik egin gabe egin da desfilea San Sebastian bezperan, eta aurten atabalak 50. aldiz astinduko dituzte bi taldek: Alkartasuna eta Zezenzaleak. Izan ere, 1967an atera ziren bi taldeok lehen aldiz.

Danborrada sortu zenetik hutsik egin gabe atera da Pedro Illarramendi (Azpeitia, 1938). Lehenengo urteak Oargi eta Landeta taldeak zuzentzen egin zituen, eta Alkartasuna taldearekin hasi zen 1967an. Duela zazpi urte utzi zion zuzendari postua Karlos Iriarteri (Azpeitia, 1960). Uztarria biekin izan da Alkartasunaren bilgune den Zelai-Luze soziedadean.

Anton tabernako ­–egungo Fideo de Mileto– kuadrillak, Illarramendiren lagunek, sortu zuten Alkartasuna taldea. "Ni tarteka joaten nintzen hara. Bi kuadrilla bat eginda egoten ziren han, eta bertaratu nintzen batean esan zidaten taldea sortzekotan zebiltzala, eta eurekin atera nahi al nuen. Landeta utzi eta beraiekin atera nintzen", azaldu du Ilarramendik.

Eskoziako jantzi tradizionalak egin zituzten Antonenekoek, eta Illarramendik dioenez, Eskoziatik diputatu bat ere etorri zen urte batean: "Patxorenera eraman genuen jatera, eta Eskoziako bandera txiki bat erregalatu zigun. Urteetan eduki genuen, baina galdu egin zen edo harrapatu egin ziguten".

Hainbeste urteko ibilian izan da anekdotarik danborradan. Illarramendik, bereziki, bi ditu gogoan: "Landeta taldea zuzentzen nuenean, urte batean, brusarekin ateratzen ez ziguten utzi. Landetarrak denak, baserritarrak ni ez beste guztiak, eta brusarekin ezin genuela atera? Mila pezeta izaten genituen danborrada antolatzeko, eta traje berriak nola egingo genituen ba! Beno, eta nobedade inportantea izan zen Udalak megafonia jartzea erabaki zuenean. Ordura arte sei-zortzi banda ateratzen ziren musika jotzen, gehiago ezin ziren ekarri, eta aldea izan zen".

1967tik 2010era bitartean atera zen Illarramendi Alkartasuna taldea zuzentzen: "2009an, 50 urte zuzentzen aritu ostean, utzi egin nuen. Orduan zuzendari ona aukeratu genuen, Karlos Iriarte, hain zuzen. Ordutik danborra jotzen atera izan naiz taldearekin".

Iriarte, osabaren trajearekin, 1979an atera zen aurrenekoz Alkartasunarekin danborradan. "Hainbat familiatako kideak zeuden Alkartasunan. Osabaren-eta trajeak hartu eta kuadrillako bost bat lagun-edo hasi ginen irteten. Egun, taldeko asko kuadrilla berekoak gara. Soldaduskan pasatu nituen urteak edo gaixorik egon naizen bateren bat kenduta, hutsik egin gabe irten izan dut", dio.

Ondo gogoan ditu Illarramendiren ordezko zuzendaria bilatzerakoan izandako ibilerak: "Pentsatzen nuen jendeak nahiko zuela haren tokia hartu, eta niri ez zitzaidan burutik pasatu ere egin ni izan nintekeela haren ordezkoa. Irailerako hasten da antolakuntza, eta zuzendari gabe geunden. Bati esan, eta ezetz. Besteari, eta hark ere ezetz. Behin, soziedadean afaltzen ari ginela inor ez genuela aurkitu esan nien emazteari eta alabari, eta alabak esan zidan ez nintzela gaizki moldatuko eta animatzeko. Emazteak nahi nuena egiteko esan zidan, eta halaxe egin ere. Pedrori esan nion aurrena, eta etxera etorri zen egun batean. Ikusi ninduen entseatzen eta haren balekoa jaso nuen. Tekniko-komertziala naiz, eta kilometro mordoa egiten ditut autoan. Halako bidaiak aprobetxatzen ditut musika jarri eta entseatzeko".

Taldea "osasuntsu" dagoela diote. "Gazte asko ari da sartzen, gure alabak-eta. Gu saiatzen gara denak ondo zaintzen, akabo bestela! Kuadrillako gehienok alabak ditugu, eta seme gutxi. Urteen poderioz emakumeen taldea izango da Alkartasuna", dio Iriartek.

Errebaleko zezenzaleak

Alkartasunaz gain, 50. aldiz joko dute danborra Zezenzaleek ere. Taldeko Joxerra Larrañaga Zaharra-k (Azpeitia, 1956), Javier Larrañaga Bonbillo-k (Azpeitia, 1957) eta Javier Aranbarri Gorriye-k (Azpeitia, 1957), 40 urte egingo dituzte aurten Zezenzaleak taldearekin danborradan parte hartzen.

Peña Taurina Azpeitianako kideek sortu zuten Club Taurino Azpeitiano. Errebalean, orduko Pikua tabernan, eman zituzten lehen pausoak, kale hartako Inpernue soziedadeko El Andaluz Zezenzale Elkarteari inbidiaz-edo. 1967an atera ziren aurrenekoz danborradan, sukaldari jantzita, Jose Luis Larragaña Kanario-ren gidaritzapean. Ana Mari Agirre Fetekue-k egin zizkien jantziak eta bandera ere "dotore" apaindu ziela diote taldeko kideek: "Oraindik bandera hura erabiltzen da eta erlikia bezala daukagu".

Denborarekin, taldearen sortzaileek hurrengo belaunaldiei utzi zieten lekukoa. Errebaleko lokal bat egokitu zuten eta hura izaten zuten bilgunea. 1980. hamarkadan, zuzendaritza berriarekin euskal zezenzaletasuna aldarrikatu nahi izan zutela dio Zaharrak: "Joxe Maria Busca Isusi etnologoarekin jarri ginen harremanetan. Hark Parisko Liburutegi Nazionaleko L'ecateur manualetik Frantziako Landetako zezenzaleen estiloa azpimarratzen zuela esan zigunez, jantzi hura aukeratu genuen danborradarako. 1984an estreinatu genituen jantzi haiek, eta taldeari izena euskaratu genion: Azpeitiko Zezenzaleak". Urte hartan denak bibotearekin atera zirela gogoratzen du Bonbillok: "Batzuk soldaduskatik bueltan bibotea lagata genuen eta beste batzuk, berriz, faltsuarekin atera ziren". "Hura urte berezia izan zen", dio Gorriyek.

Atzera begira jarrita, hainbat istorio utzi dizkiete urtez urteko danborradek hiru azpeitiarrei, eta bat kontatzeko esanda, kantinerekin izandako pasadizoa azaldu du Bonbillok: "Aspaldi batean, geuk bilatzen genituen kantinerak eta. Egun batean, Enparan kalean nihoala, hiru neska ikusi nituen eta esan nien ia nahi al zuten gure taldearekin atera. Korrika alde egin zidaten. Etxera joan zirenean, nonbait, amari kontatu eta, amak: 'Bonbillo ez zen txantxetan ari'. Orduan, nire amarenera etorri ziren, ateratzea nahi zutela eta negarrez, barkatzeko esanez".

Zezenzaleek, tradizioari jarraiki, momentu oso kuttuna dute danborradan. Hala dio Zaharrak: "Juanito Koxkola-k danborrada bukaeran Arrabal abestia kantatzen zigun, eta guk danborrarekin jotzen genuen abesti hura. Behin hala esan zigun: 'Ikas ezazue kanta, jendea ahazten ari duk eta!'. Eta beno, beti kantatu eta jotzen dugu, eta une mundiala izaten da". Taldea egoera onean dagoela uste dute hirurek. Hala dio Gorriyek: "Gazteak-eta badatoz, eta egoera onean dago taldea. Alabak-eta txanda eskatzen hasita daude, eta kantinera ateratzeko eskaera zerrenda dugu datozen hiruzpalau urtetarako. Begira, lehen kantinera bila ibiltzen ginen eta orain lista izaten dugu".