"Lanean ala jolasean" ari zen ez zekien gizonaren bizitzaren zertzeladak, argitara

Uztarria.eus 2016ko urt. 16a, 18:10
Maialen Etxaniz eta Jose Luis Frantzesena, liburuaren egilea eta protagonista, Sanagustinen.

Jose Luis Frantzesena Schubert-i eskainitako biografia aurkeztu du gaur Uztarria Komunikazio Taldeak, Sanagustin kulturgunean. Maialen Etxanizek idatzitako hau da Uztarriak 2009an hasi zuen liburuxka biografikoen egitasmoaren hamabigarren eta azken emaitza.

Beti musikari lotuta, eltze askotako burruntzalia izan da eta da Jose Luis Frantzesena Schubert, eta horren adierazle izan da gaur, zapatua, Sanagustin kulturgunean elkartu den jende mordoa. Hantxe aurkeztu baitu Uztarria Komunikazio Taldeak Schuberti eskainitako liburuxka biografikoa, Maialen Etxanizek idatzi duena. Protagonistak eta egileak, biek hartu dute hitza aurkezpenean.

"Bizitzan suerte ikaragarria izan dut: hasieran nahi izan nuen bizimodua eramaten bukatu dut. Musikatik bizitzera iritsi naiz, gustura bizitzera. Ez dut jakin izan lanean ala jolasean ari nintzen, eta hala segitzen dut oraindik ere. Eta hori zorte ikaragarria da". Jose Luis Frantzesenak amets asko egia bihurtu ditu eta bide horretaz gozatu du, eta horrela aitortu du gaurko aurkezpenean. Bidea, ordea, ez du bakarrik egin eta, horrela, bidelagun izan dituenetako askori aipamena eginez jarraitu du. "Ni pertsona bat naiz, baina nire inguruan egon diren pertsona askok lagundu didate, eta askori eskerrak eman beharrean nago". Kepa eta Mikel Ibarzabal zinegotzi eta anaiak, Bandan ezagutu zituen musikari gazteak, Iñaki Alberdi, Julian Barrenetxea Abesbatzean berarekin aritu ziren Pedro Illarramendi, Esther Larrañaga, Malen Alkorta, Maite Rekejo, Arantxa Madina, organo ikasleak... Aipamenen zerrenda luzea osatu du Schubertek Sanagustinen, eta ikusleen artean zeuden aipatutako asko emozioari ezin eutsita ere ibili dira. "'Schubertek egiten dik lana', esango dute gero. Eta bai, Schubertek egiten du lan bat, baina beste lan asko taldeak egiten ditu, lan ikaragarria".

Lana egin, egin baitute Frantzesenak eta ingurukoek, "baina juergak ere bai, e?", zehaztu du Schubertek. "Izan ere, ez gara santu-santuak. Liburua irakurtzen baduzue, San Schubert ematen du! Eta ni ez naiz San Schubert, badauzkat alderdi ilunak, eta hor ez dira azaltzen. Noiz edo noiz azaldu beharko ditugu horiek ere. Edo konfesatu egin beharko gara, bestela", aitortu du barre artean musikariak.

Maialen Etxanizek, bere aldetik, eskerrak emanez hasi du hitzartea. Lehendabizi, "Uztarriako lantalde osoari, aukera hau emateagatik, benetan aberasgarria izan delako niretzat, pila bat ikasi dudalako". Liburua osatzeko testigantza eman dutenak ekarri ditu gogora ondoren, "batez ere familiari, zuen laguntasunagatik eta prestutasunagatik". Eta "nola ez", Jose Luis Frantzesenarentzat ere izan ditu esker hitzak, "nirekin hartu duzun pazientzia guztiarengatik". Etxanizek liburuxka egitea "mundiala" izan dela esan du, "adin-tarte ezberdinetako jendearekin egoteko aukera eman didalako, eta asko ikasi dudalako zuengandik", berriro ere bidean lagun izan dituenei zuzenduz. "Askoz jende gehiagorekin egon izana gustatuko" litzaiokela ere esan du egileak, baina formatuaren eta denboraren mugetara egokitu beharra izan du. "Orain, berarekin [Frantzesena] hitz egiten, 'hau ahaztu zaigu', edo 'hau ez nizun esan' esaten zidan. Kontua da, hainbeste gauza egin dituenez, dena ezin dela horrelako liburu txiki batean bildu". Biografiaren protagonistak "oso txintxo" jarri duela ere esan dio Etxanizi, "baina hori zeozeregatik izango da. Azkenean, liburua egindako lanaren errekonozimendua da. Espero dut irakurtzen duzuenoi gustatzea".

Saileko azkena

Jose Luis Frantzesenarena Uztarria Komunikazio Taldeak 2009an hasi zuen liburuxka biografikoen egitasmoaren hamabigarren fruitua da, eta azkena ere bai. Herriko kazetari gazteei idazteko aukera emanez, Azpeitian arlo batean edo bestean nabarmendu izan diren pertsonen soslaia egin eta gordeta uztea izan da hasieratik orain amaituko den proiektuaren helburua. Lehenengoa Julian Bereziartuarena izan zen eta bigarrena, Leo Etxeberriarena. Hirugarrena, Valentina Agirrerena eta laugarrena, Santi Lazkanorena. Uztarriak kaleratutako bosgarren liburuxka Amaia Garmendiarena izan zen eta Enkarna Arregirena, seigarrena. Zazpigarrena, Iñaki Bergara Pio-rena izan zen, eta joan den apirilean zortzigarrena, Bernardo Aizpitarte Kabra-rena, argitaratu zuen. Orduz geroztik,Enrike Zurutuzarena, bildumako bederatzigarren liburuxka biografikoa; Maria Jesus Arregirena, hamargarrena; eta Patxi Azkargortarena kaleratu ditu Uztarriak.

Ainitze Agirrezabala Uztarriako kideak gaurko aurkezpenean azaldu duen bezala, "liburuxka biografiko hauek oinarri bat dira, gerora beste norbaitek pertsona horien bizitzan sakontzeko asmoa izanez gero baliogarria izan daitekeen oinarria". Liburuxka biografikoen saila bukatuta, Uztarriak badu esku artean proiektu berri bat, eta laster emango du horren berri ere.

Uztarria 2001ean hasi zen liburuak-eta argitatatzen, eta Frantzesenarena, 27.a da.

Uztarriaren bazkideek dagoeneko jaso dute etxean Jose Luis Frantzesenaren biografia txikia. Gainerakoek, berriz, datorren astetik aurrera izango dute erosteko aukera, 5 euroren truke, Uztarriaren egoitzan (Perez Arregi, 1 behea) edo Sanjuandegiko Belaetxe paperdendan.