Sansebastianak 2016

Bezperako danborrada udaletxeko balkoitik ikusteko aukera izango dute hogei herritarrek

Uztarria.eus 2016ko urt. 15a, 13:00

Izena emateko epea ireki du Udalak, e-posta bidez, astelehen goizeko 10:00ak arte. Hogeitik gorako zerrenda osatuz gero, astelehen eguerdian zozketa egingo dute. Atzo eman zuten egitasmoaren berri, aurtengo San Sebastian festen aurkezpenean.

Probatu dutenek badakite, San Sebastian bezperako bandera igotzearen unean udaletxeko balkoiek eskaintzen duten ikusmira ederra bezain ikusgarria izaten dela. Aurtengoa, gainera, plaza berritu ondorengo helduen lehen danborrada izango da. Eta bi osagaiak uztartuz, Udalak hogei herritar gonbidatzea erabaki du, sansebastianen hasierako danborrada jendetsua udaletxeko balkoitik ikus dezaten. Izena emateko epe bat ireki du horretarako, e-posta bidez; danborrada udaletxetik ikustea nahi dutenek komunikazioa@azpeitia.eus helbidera bidali behar dute mezua. Astelehen goizeko 10:00etan amaituko da epea eta, hogeitik gorako zerrenda osatuz gero, astelehen eguerdian zozketa egingo dute.

Egun berezia bereziago, lau talderentzat

Eneko Etxeberriak eman zuen aipatu egitasmoaren berri atzo, osteguna, aurtengo San Sebastien festak aurkezteko udaletxeko areto nagusian egindako prentsaurrekoan. 50 urtetik gorako historia izateaz gain, danborrada "etorkizun handiko festa" dela azpimarratu zuen alkateak, aurkezpenean parte hartu zuten haurren danborradako kideei erreferentzia eginez, eta "parte hartzea eta plazan danborra jotzea gero eta talde gehiagok nahi" dutela gogoratuz, plazaren neurriak direnak direla zehaztuta. Plaza berritu ondorengo lehen danborrada izango den horretan "ez da markak margotu beharrik izango, plazaren diseinua danborradako taldeen kokapenak kontuan hartuta egin delako", Etxeberriak azaldu zuenez.

Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuarekin batera aurkeztu zituen aurtengo festen xehetasunak Etxeberriak, danborradetako protagonistez ondo inguratuta. 1.500 lagunetik gora aterako dira danborradetan, eta heldu zein umeenean parte hartuko duten talde guztietako ordezkariak elkartu ziren aurkezpenerako, bakoitza bere taldearen arropak jantzita. Hala ere, lau taldek besteek baino ordekaritza zabalagoa izan zuten. Egun berezia bereziagoa izango baita aurten helduen danborradan 50. aldiz joko duten Alkartasuna eta Zezenzaleak taldeentzat, eta 25. aldiz joko duten Sanjuandegirentzat eta Zokoarentzat. Talde horietako zuzendariak aurkezpen mahaian egon ziren udal ordezkariekin batera, aurtengo umeen danborradarako karroza diseinatu duen Naiara Larrañaga bezala.

Danborrada Sanjuandegin, igandean

Sanjuandegi taldearen 25. urteurrena dela eta, igande honetan, hilak 17, danborrada joko dute Sanjuandegi auzoan zilarrezko ezteiak beteko dituen taldeak eta auzoko talde gazteagoak, Loiolabide Zaharrek. Horixe izango da aurtengo egitarauaren berrikuntza aipagarriena. Hona hemen, osorik, 2016ko San Sebastian festen egitaraua:

Urtarrilak 17, igandea:

  • 12:00. Sokako zezen txikia Erdikaletik plazara eta, ondoren, zezen txikiak eta poniak plazan, Zezen Beltzek antolatuta.
  • 12:30. Danborrada Sanjuandegin, Sanjuandegi eta Loiolabide Zahar taldeekin.
  • 16:30. Sokamuturra, ohiko ibilbidean.

Urtarrilak 19, asteartea, San Sebastian bezpera:

  • 22:15. Olazko Andre Mariaren plaza ingurutik irtenda, herriko kaleetan.
  • Gauerdian, talde guztiak bilduta, udaletxean bandera igo eta Plaza Nagusian danborradako abestiak joko dituzte. Tartean, Udalak oroigarriak emango dizkie 50. urteurrena beteko duten Alkartasuna eta Zezenzaleak taldeei eta 25. urteurrena beteko duten Sanjuandegi eta Zokoa taldeei.

Urtarrilak 20, asteazkena, San Sebastian eguna:

  • 09:00. Txistularien eta musika eskolaren goiz-eresia.
  • 09:30. Ardozaleak eta Gure Ametsa taldeen, Udal Musika Bandaren eta musika eskolako txilibitu-jotzaileen diana.
  • 10:15. Herriko agintariak korporazioan joango dira Soreasuko San Sebastianen parrokiara.
  • 10:30. Prozesioa, parrokiatik abiatuta.
  • 10:45. Meza.
  • 12:00. Sokamuturra.
  • 12:30. Umeen danborrada, Artzubitik eta Aranatik abiatuta.
  • 16:00. Haur parkea, Olazko Andre Mariaren plazan.
  • 16:30. Sokamuturra.
  • 23:15. Bandera jaitsi arteko danborrada. Alkartasuna, Ollagorra, Loiolabide Zahar, Oñazbideko Gastadoreak, Zulo Zabal eta Loiolatxo dira aurten parte hartuko duten taldeak.
  • 00:00. Banderaren jaitsiera.