Maialen Etxaniz: "Herriari benetako ekarpena egin dio Jose Luis Frantzesenak"

Uztarria.eus 2016ko urt. 14a, 11:32

Zapatuan, urtarrilak 16, aurkeztuko du Uztarria Komunikazio Taldeak Jose Luis Frantzesena Schubert-i eskainitako liburuxka biografikoa. Sanagustin kulturgunean izango da aurkezpena, 12:00etan. Maialen Etxanizek (Azpeitia, 1994) idatzi duen liburua da Uztarriaren liburuxka biografikoen saileko hamabigarren eta azken lana. Bazkideak hasi dira dagoeneko liburuxka  etxean jasotzen. Egindako lanaz-eta hitz egin du Etxanizek.

Nola hartu zenuen liburuxka idaztearen eskaintza?

Pozez eta gustura hartu nuen Uztarriaren eskaintza, berri oso ona izan zen. Hasieran beldurra ere ematen zidan, erronka handiegia ez ote zen izango niretzat. Baina lanari ekin nioenean, gogoz hartu nuenez, ez zitzaidan uste bezain zaila egin. Hori hala izateko asko lagundu didate liburua osatzen parte hartu duten denek. Esperientzia bezala, mundiala izan da, batik bat adin tarte ezberdinetako pertsonekin harremanetan egoteko eman didan aukerarengatik. Oso aberasgarria izan da. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiet liburuan parte hartu duten guztiei eta lagundu didatenei; eta batez ere Uztarriari, aukera hau emateagatik.

Jose Luis Frantzesena Schubert sobera ezaguna da Azpeitian. Baina zeuk, haren zer erreferentzia zenituen?

Ezagutzen nuen, bai. Txikitan danborradako entseguetan bera izaten zen gure gidari eta hortik ezagutzen nuen. Banekien, noski, Bandakoa zela, zuzendaria, baina askoz gehiago ez.

Eta, liburuxka egiterakoan, zer da deskubritu duzuna? Harritu zaituen zerbait?

Egia esan, dena. Uste nuen Bandako zuzendaria zela eta kito, hor geratzen zela dena. Bere ibilbidea errepasatzen hasi nintzenean, ikusi nuen lan hori egin dituen beste askoren artean bat zela, eta adinean aurrera joanda eginikoa, gainera. Ikasketak-eta orduan hasi zituela, baina berez musikarekin duen lotura askoz lehenagoko gauza bat dela. Harritu nau zenbat lan egin duen, egin duen ekarpena eta, agian, guzti horrek ez duela horrenbesteko hedapenik izan, jendeak ez dakiela.

Alde horretatik, liburuak Frantzesenaren ibilbidea hobeto baloratzeko balioko duela uste al duzu?

Bai, baietz uste dut, behintzat.

Gazteen artean ezagutarazteko ere bai, agian?

Bai. Guretzako, Bandako zuzendari izandako pertsona bat da. Baina konpositore gisa gauza pila bat egin ditu, abesbatza sortu zuen, oraindik lanean segitzen du organo-jotzaile bezala... Iruditzen zait bere ibilbidea ezagutzeko, profesionala eta gainontzekoa, ondo dagoela.

Zure lanera etorrita, nola antolatu zenuen?

Bi hilabete pasatxo izan ditut lana borobiltzeko. Hasteko bere seme Unairekin, emaztearekin, anaiarekin... egon nintzen, eta berarekin ere bai, noski. Bere bizitzaren alderdi gehienak ukitzen saiatu naiz. Penatan gelditu naiz, jende gehiagorekin egon ahal izatea gustatuko bailitzaidake, baina muga bat jarri beharra neukan. Hala ere, bere alde profesionala, pertsonala... denetik landu dut.

Balizko irakurleei begira, nola animatuko zenituzke liburua irakurtzera?

Nik herritar oro animatuko nuke, bai aurkezpenera eta bai liburua leitzera. Jose Luis Frantzesenak egin duen lana benetan azpimarragarria dela iruditzen zaidalako, eta jendeak hari buruzko gauza asko ez dakizkiela uste dudalako. Herriari benetako ekarpena egin dio.