"Positiboki eragiteko" aurrekontuak onartu ditu Udalak 2016rako

Uztarria.eus 2015ko abe. 30a, 20:44

Datorren urterako aurrekontuak onartu zituen Azpeitiko Udalak atzo, asteartea, 2015eko azken udalbatzarrean, Bilduren udal gobernuaren aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin zen. Amaitzear den urtean baino milioi bat euro gehiago izango dute udal aurrekontuek: 2016an aurrekontu orokorra 19.233.516,72 eurokoa izango da. "Ekonomia, eskubide sozialak eta azpiegitura jasangarriak" izango dira aurrekontuen ardatz nagusiak, udal gobernuaren arabera.

2016rako aurrekontuak onartu zituen atzo, asteartea, Azpeitiko Udalak, Bilduren udal gobernuaren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin. 2015ean baino milioi bat euro gehiago izango dute aurrekontuek, "jauzi handia" emanez. 2016an aurrekontu orokorra 19.233.516,72 eurokoa izango da; Udalaren, Euskara eta Kirol patronatuen eta Azpeitia Berritzenen (lehengo Azpeitia Lantzen) aurrekontuen batura da aurrekontu orokorra. Udalaren aurrekontu propioa, berriz, 18.154.684,72 eurokoa izango da.

"Positiboki eragiteko" aurrekontuak dira 2016koak, Eneko Etxeberria alkatearen esanetan, "herriko arlo gehienetan. Edozein proiektu garatzeko pronto dago Udala, bere eskumenen barruan, herritarrentzat ona dela irudituz gero". Aurreko agintaldiaren lau urteetan herriak zein Udalak "zailtasun ekonomiko handiak" bizi izan ondoren, une honetan "egoera ekonomiko hobean" daudela nabarmendu du alkateak eta horrek ahalbideratu duela aurrekontuen hazkundea, "baina zuhurtziaz, hala ere".

Ekonomia, babes soziala eta hirigintza

"Ekonomia, eskubide sozialak eta azpiegitura jasangarriak ardatz" izango dituzten aurrekontuak onartu dituztela nabarmendu du udal gobernuak.

Udalbatzarrean azpimarratu zutenez, enpleguan eragitea izango da datorren urteari begira ere aurrekontuen helburu nagusienetakoa. Formazioan, egitasmo eta titulazio berriak abiaraztea dute asmoa. Azken urteetan Udalak arlo horretan egindako lana goraipatu zuen Etxeberriak, bereziki hirugarren adinekoen zaintzara bideratuta egin dutena; "horrek fruituak eman" dituela esan zuen, Jaurlaritzak irailetik aurrera Azkoitiko Lanbide Heziketan hirugarren adinaren inguruko heziketa zikloa abian jarriko duela aurreratuz.

Gizarte Zerbitzuen bidez "azpeitiarrei babes eta eskubide sozialak" bermatzeko laguntzei eutsiko diete 2016an, baita alokairu sozialeko programari ere.

Udaleko sailei dagokienez, Hirigintza eta Ingurumena batzen dituena da 2015arekin alderatuta gehien haziko dena, eta horrek "herritarren araberako proiektu jasangarrietan" isla izatea nahi du Udalak. Hauek dira azpiegituretan egingo dituzten inbertsio nabarmenenak:

  • Igerilekuko lanak guztiz bukatzea, energia aurrezpenerako neurriak tartean direla.
  • Berdura plazaren eraikineko eta inguruko lanak amaitzea.
  • Gune berdeak eratzea, nagusiki Goenan eta Esklabetan.
  • Etxebizitzei dagokienez, "nahi bat badagoela" uste dute udal gobernuan, eta beharrak objektiboki aztertzea eta herritarren iritzia jasotzea agindu dute.
  • Basozabal jauregian eragitea aurreikusten du Udalak, eta Urrestillarako bidegorriaren zati bat (Bordatxo eta Atxubiaga artekoa) ere, "Udalari dagokiona", egitea. Bai Basozabalerako eta bai bidegorrirako, ordea, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurreikusitako laguntzarik ez dutela izango berretsi du alkateak. "Aldundiarena ez da serioa, ez dira hitza betetzen ari", esan du.

Beste arlo eta sailetan, besteak beste, Soreasu osatzeko urratsak egitea aurreikusten dute, Kultur Mahaiarekin elkarlanean.

EAJren abstentzioa

Ekonomia sustatzeari lotutako "ardatz nagusietan ados" azaldu arren, abstenitu egin ziren EAJren zinegotziak 2016ko aurrekontuen bozketan. Hirugarren adineko jendearentzako mantenimendurako gimnasia aparatuekin hornitutako parke bat egiteko "partida espezifiko bat" eskatu zuen oposizioko taldeak, eta parke hori egiteko toki aproposena Esklaben ingurua dela uste dute. Horrez gain, Udalak "Soreasurekin apustua egiten jarraitu" behar duela nabarmendu zuen Aitor Gorrotxategi jeltzaleen bozeramaileak, "eta Basozabal balioan jartzea", horren erabilera zehaztuko duen plan bat eginez. Betharramdarren eraikina berritzeko lanak abiatzea ere eskatu du EAJk, eta hondakinen bilketa egiteko sistema zehaztearen "beharra" ere azpimarratu dute.

Azpeitiko Udalaren 2016ko aurrekontuak

Azpeitiko Udalaren 2016ko aurrekontu orokorra: 19.233.516,72 euro (2015ean 18.362.892,83 euro).

Udalaren aurrekontu propioa: 18.154.684,72 euro (2015ean 17.332.944,06 euro).

Euskara Patronatua: 580.700,02 euro (2015ean 573.213,03 euro).

Kirol Patronatua: 1.192.726,94 euro (2015ean 1.172.769,18 euro).

Azpeitia Berritzen: 242.832 euro (2015ean 251.380,00 euro).

 

Udalaren 2016ko aurrekontua, sailez sail:

  • Ogasuna eta Kontuak: 796.345,34 euro.
  • Hirigintza eta Ingurumena: 3.146.500 euro.
  • Hezkuntza eta Euskara: 984.780,02 euro.
  • Kultura eta Gazteria: 767.800 euro.
  • Kirolak: 827.226,94 euro.
  • Gizartekintza: 976.900 euro.
  • Langileria eta antolakuntza: 5.481.300,39 euro.
  • Festak: 495.000,00 euro.
  • Zerbitzu orokorrak: 3.324.073,56 euro.
  • Alkatetza: 221.000,00 euro.
  • Industria, merkataritza eta turismoa: 845.858,47 euro.
  • Parekidetasuna: 113.900,00 euro.
  • Baserriak: 174.000,00 euro