Farmazia berak egingo ditu urteko gaueko guardia guztiak, urtarrilaren 1ean hasita

Uztarria.eus 2015ko abe. 29a, 18:33

2016an Jacome (Garmendi auzunea, 19) izango da gaueko txanda denak egingo dituena. Azpeitirako eta Azkoitirako emango du zerbitzua.

Farmazien guardiako zerbitzuan aldaketa garrantzitsua ekarriko du 2016ak. Izan ere, datorren urtarrilaren 1etik aurrera farmazia berak egingo ditu urteko gaueko guardia guztiak. Orain arte, eguneko zein gaueko guardiak txandaka egin izan dituzte, sei hilabetero osatutako egutegiari jarraituz. Aurrerantzean, ordea, urtebetez gauero farmazia berak emango du zerbitzua.

2016an Azpeitiko Jacome (Garmendi auzunea, 19) izango da gaueko txanda denak egingo dituen farmazia. Eguneko guardiatan ez bezala, gauekoetan Azpeitiko eta Azkoitiko farmaziak txandakatu izan dira orain arte, farmazia batek ematen du zerbitzua gauez bi herrientzako. Aldaketarekin ere horrela izango da eta, beraz, datorren urtean Jacome izango da gauero Azpeitirako zein Azkoitirako zerbitzua emango duena.

Guardia guztiak, Uztarria.eus-en

Azpeitiko farmazien guardien gaineko informazio eguneratua nahi duenak, eskuragarri du egunero eta eguneratuta Uztarria.eus webgunean, Zerbitzuak atalean. Bertan, kontsultako egunetik abiatuta, hiru egunetako guardia guztiak jasotzen dira.