Gaur arte 635 lasterkarik eman dute izena San Silbestre lasterketan

Uztarria.eus 2015ko abe. 29a, 11:44
Iazko lasterketako irudi bat.

Aurten berrikuntza bat izango da. Eskolartekoen, gaztetxoen lasterketaren eta proba nagusiaren aurretik, lasterketa irekia antolatu dute Xeye Atletismo Taldekoek eta Txolartekoek elkarrekin. 10:45ean irtenda egingo dute 400 metroko korrika saioa, herriko plazatik hasita. Gaur, asteartea, da lasterketetan aurrez izena emateko azken eguna. 

Hamabosgarren urtez jarraian, etzi, abenduak 31, San Silbestre lasterketa izango da herrian, eta dagoeneko 635 lasterkarik eman dute izena. Iaz hasitako bideari jarraituz, 11:15ean, patinatzaileentzako lasterketa izango da. Lasterketa horretarako 30 lagunek eman dute izena gaur artean.

Aurten berrikuntza bat izango da. Eskolartekoen, gaztetxoen lasterketaren eta proba nagusiaren aurretik, lasterketa irekia antolatu dute Xeye Atletismo Taldekoek eta Txolartekoek elkarrekin. 10:45ean irtenda egingo dute 400 metroko korrika saioa, herriko plazatik hasita. Horren asmo bakarra da urtearen azkenengo eguneko kirol proban edozeinek parte hartzeko aukera izatea.

Oraindik ere eman daiteke (gaur, asteartea, da azken eguna) San Silbestre lasterketan bai lasterketetan eta bai patinetan parte hartzeko izena Interneten, www.kirolprobak.com webgunearen bidez. Zortzi euro da gaur izena ematen duten lasterkariek ordaindu beharrekoa; egunean bertan apuntatzen direnek, aldiz, 15 euro ordaindu beharko dute.

Parte-hartzaileen kopurua mugatu egin dute patinatzaileen proban, eta lasterketa herrikoian; 100 parte-hartzaile izango dira gehienez ere patinetan, eta 900 proba nagusian. Ibilbideak, ordea, iazko neurri bera izango du: sei kilometro.

Hau da abenduaren 31ko lasterketen programa:

10:00. Benjamin neskak: 700 metro, zirkuitu txikiari itzulia.

10:45ean proba irekia.

11:15. Patinatzaileen lasterketa, plazatik irtenda.

12:00. Lasterketa nagusia. Kadeteek eta jubenilek 3.000 metro, zirkuituari itzuli bat. Gainontzeko guztiek 6.000 metro egingo dituzte, zirkuituari bi itzuli emanda.

Autobus geltokietan aldaketak

San Silbestre lasterketak direla eta, hilaren 31n, 11:00etatik 13:00etara, Julian Elorza kaleko, Burdinbidearen Euskal Museoko eta anbulatorio aurreko geltokietan ez du geldiunerik egingo autobusak. Julian Elorza kaleko eta Burdinbidearen Euskal Museoko geltokiak bariantera lekualdatuko dituzte ordu tarte horretan. Anbulatorioko geltokia, berriz, igerileku aurrekoarekin ordezkatuko da.