Mari Domingi eta Olentzero Azpeitian izango dira gaur

Uztarria.eus 2015ko abe. 24a, 10:44
Iazko irudi bat.

Eguerdian, 12:30ean, Mari Domingik umeek Olentzerori idatzitako gutunak jasoko ditu plazan, eta 17:00etatik aurrera, berriz, kalejira egingo dute Olentzerok eta biek. 17:30ean plazan egingo dute geldialdia, eta kantuz, dantzaz eta bertsoz agurtuko dituzte bi protagonistak.

Gabon kantak, jaiotzak, Olentzero eta Mari Domingi izango dira nagusi gaur, abenduak 24, Azpeitian. Goizetik, jaiotzaren laguntzarekin, kaleetan, auzoetan eta baserrietan kantuan ibiliko diren taldeak ez dira faltako, eta Olentzerok eta Mari Domingik ere egingo dute herrira bisita.

12:30ean iritsiko da Mari Domingi plazara, umeek Olentzerori idatzitako gutunak jasotzera. Arratsaldean, berriz, Olentzero eta Mari Domingi elkarrekin ibiliko dira kalejiran, 17:00etatik aurrera. Arana kaletik abiatuta, erraldoiek nahiz txistulariek, ttuntturroek, musika eskolako trikitilariek lagunduta kalejira egingo dute Alde Zaharrean. 17:30ean plazan geldialdia egingo dute eta Itsasiko dantzariek Aurreskua egingo diete bi protagonistei. Gainera, bertsotan ariko da Sebastian Lizaso eta Olentzerori eta Mari Domingiri hainbat abesti kantatuko dizkiete bertaratzen direnek. Eguraldi txarra egingo balu, ekitaldia Frontoi Txikian egingo da.