Urrestillarako bidegorria, Diputazioaren 2016ko aurrekontuaren zain

Uztarria.eus 2015ko abe. 17a, 20:01

Aurreko Foru Aldundiak Udalarekin proiektua gauzatzeko hitzarmena sinatu eta ibilbidea onartu zituen joan den maiatzean. Obrak urte amaieran hasiko zituztela ere aurreratu zuten. Hil honen 23an erabakiko dituzte datorren urterako foru aurrekontuak Batzar Nagusietan. Bidegorriaren proiektua aurreikusita dago aurkeztuko duten kontuen proposamenean, Aldundiko Mugikortasun sailak Uztarriari adierazi dioenez.

Joan den maiatzean hala iragarri bazuten ere, Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorriaren lanak ez dituzte urtea amaitu baino lehen hasiko. Maiatzeko udalbatzan, aho batez onartu zuten EH Bilduk, EAJk eta Hamaikabatek Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren arteko lankidetza hitzarmena, bizikleta eta oinezkoentzako bide hori egiteko sinatutakoa. Bilduri zegokion aurreko foru gobernuarekin hitzartutakoaren arabera, Udalak lanen kostuaren %25 ordainduko zuen, eta gainerakoa Aldundiak. Udalbatzak bi erakundeen arteko hitzarmena onartu eta bi astera, bidegorriaren ibilbidea ere zehaztu zuen Diputazioak.

Azpeitiko Udalak bidegorriaren lanak ordaintzeko lehen diru zatia 2015eko aurrekontuetan sartu zuen bere garaian. Gipuzkoako Batzar Nagusiek, ordea, atzera bota zituzten aurreko Diputazioak aurtengorako proposatutako kontuak, eta 2014koak luzatuta aritu ziren lanean.

Maiatzeko hauteskundeen ondoren, EAJk eta PSE-EEk osatutako Diputazio berriari dagokio aurrekontu berriak osatzea; 2016rakoak, kasu honetan. Hain zuzen ere, abenduaren 23an aurkeztuko dute aurrekontu proposamena Batzar Nagusietan, datorren urteko kontuak onar ditzaten. Aldundiko Mugikortasun sailak Uztarriari adierazi dioenez, Diputazioaren aurrekontu proposamenean aurreikusita dago Urrestillarako bidegorriaren proiektua, baina hilaren 23ko bilkuran erabakiko denaren zain egon beharko, bidegorriari argi berdea ematen dioten ala ez jakiteko.