Ikastolaren 50 urteko ibilia jasotzen duen liburuaren aurkezpena egingo dute gaur

Uztarria.eus 2015ko abe. 10a, 09:24

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIk ikastolaren ibilbidea jasotzen duen liburua aurkeztuko dute Dastatu Ikastola izenburupean. Aurkezpen ekitaldia 18:30ean hasiko da, Sanagustin kulturgunean. Festa giroan egingo dute aurkezpen ekitaldia: pintxo-potea egingo dute eta Ikastolaren 50. urteurrenko pintxoa dastatzeko parada izango da bertan. Gainera, DJ Referee ariko da giroa alaitzen. 

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIk ikastolaren ibilbidea jasotzen duen liburua aurkeztuko dute gaur, abenduak 10. Dastatu Ikastola izenburupean egingo dute aurkezpen ekitaldia 18:30ean hasita, Sanagustin kulturgunean. Liburu aurkezpena, baina, festa giroan egingo dute. Izan ere, 18:30ean hasita pintxo-potea egingo dute eta Ikastolaren 50. urteurrenko pintxoa dastatzeko parada izango da bertan. Gainera, DJ Referee ariko da giroa alaitzen. 19:00etan hasiko da 50. urteurrenaren harira osatu duten liburuaren aurkezpena.

Joan den zapatuan, Azpeitiko ikastolaren 50. urteurrenaren harira Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik eta Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIk antolatutako ekitaldien baitan, kioskoa apaindu zuten ikastolako ikasleek, irakasleek eta gurasoek.

Hemen, Alberto Izagirre Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIko zuzendariak eta Inazio Azpitarte Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko zuzendariak libururako idatzi duten sarrera:

"Bidaia luzeenak lehenengo pauso txikian hasten dira. Eta horrela XX. mendeko 60ko hamarkadaren hasieran hainbat azpeitiarrek indarrak, argudioak eta ardurak bildurik, ausardiazko lehen urratsa egin zuten; ikastolaren hazia erein Azpeitian. 1965. urtea zen, jadanik. Lehen pauso txiki horrek, jarraipena izan zuen eta ekintzaile talde horri hainbat eta hainbat batu zitzaizkion, olatu oldar handi baten gisan, euskara eta euskal kulturaren ondarea landu, hedatu eta sustraitu asmoz. Zailtasun ugari izan arren, ez ziren kikildu. Herria zuten lagun eta eremu. Herria zuten egarri. Ezinbestekoa zen indarrak egoki bideratzea eta proiektua bere horretan sendotzea. Aldian aldiro, helmugak eta helburuak finkatu eta osatzen joan ziren: lehen hezkuntzaren eskaintzari bigarren hezkuntzaren desafioa egokitu zitzaion; Azpeitian ereindako hazia Urola bailara osora hedatu zen; ikasle eta irakasle talde txikia jende andana bilakatu zen; kudeaketa eta antolakuntza prozesua hobetu asmoz, kooperatiba bihurtu zen; gizartearen beharrei erantzunez, Euskal Eskola Publikoa bilakatu zen; kalitatezko kudeaketa sistemen bidez, zerbitzuaren etengabeko hobekuntzari ekin zitzaion eta abar luze bat. Gaur egun, ezinbesteko erreferente gara Urola Bailaran eta adibide esanguratsua Euskal Herrian. Gaur egun, atzo eta herenegun bezala, abangoardiaren ildotik goaz gizartearen beharrei aurre hartu eta erantzuten. Gaur egun ere, irmoki jarraitzen diogu hasieretako ekintzaileen asmoei. Hemen duzun liburu honetan hori guztia azaltzen saiatu gara. Hemen dituzu beraz, historia eta istorio poliedrikoak, aniztasunaren ikuspegitik jositakoak, abenturan parte hartu duten hainbat protagonistaren hitz leunak, 50 urte luzeetan sortu, landu, hasi eta jaso izan ohi diren gai, arazo, helburu, kondaira eta esfortzu. Unean uneko helburu eta lorpenez osatua, denetik egin ohi bada. Bide luzeenak aurreneko pauso txikian hasten bai dira. Pausoz pauso hainbat eman ditugu jadanik... Bidaia luzea izan dadila!".