Fiskalak 25 urteko kartzela zigorra eskatu du Josu Urbietarentzat

Uztarria.eus 2015ko abe. 1a, 23:05

Bihar, asteazkena, jakinaraziko du epaimahaiak, Josu Urbieta Pow eta beste bost lagunen epaiketaren sententzia. Maryvonne Caillibotte fiskalak atzo jakinarazi zituen zigor eskaerak eta 25 urteko espetxe zigorra galdegin du Urbietarentzat. Jean-Serge Nerin poliziaren hilketagatik epaitu dituzte sei lagunak. 2010eko ekainean atxilotu zuten Urbieta Frantzian, eta ETAren logistika militarreko kide izatea leporatuta, bost urteko espetxe zigorra jarri zion orduan epaileak.

Bihar, asteazkena, jakinaraziko du epaimahaiak Josu Urbieta Pow azpeitiar presoaren eta beste bost lagunen aurkako epaiketaren sententzia. Gaur defentsaren txanda izan da, eta bihar hitza hartzeko tartea izango dute auzipetuek, epaimahaikideak erabakia hartzeko bildu aurretik.

Maryvonne Caillibotte fiskalak atzo jakinarazi zituen zigor eskaerak eta 25 urteko espetxe zigorra galdegin du Urbietarentzat. Joseba Fernandezentzat ere 25 urteko kartzela zigorra eskatu du, 30 urtekoa Arkaitz Agirregabiriarentzat, eta 18na urtekoa Izaskun Lesakarentzat eta Xabier Goienetxearentzat. Mikel Karrerarentzat, berriz, biziarteko zigorra eskatu du fiskalak.

Epaia bihar aterako dela eta, asanblada deitu dute arratsalderako. 19:00etan izango da plazan, Konponbidea orain! Epaiketarik ez! lelopean. Azpeitiko Sortuk asanbladan parte hartzeko deia egin du: "Konponbidearen aurkako norabidean datozen eraso hauei kalean erantzutera deitu nahi ditugu azpeitiar guztiak. Ez delako epaiketen garaia, ez delako zigorrak luzatzeko garaia, ez dugulako espetxeak urte luzeetarako euskal preso politikoz beteta egotea nahi... Herri honek konponbidea nahi eta behar du eta horretarako ezinbestekoa da euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxean izatea".

Azaroaren 2an hasi zen sei lagunen aurkako epaiketa Parisen (Frantzia), eta bost astez luzatu da. Jean-Serge Nerin poliziaren hilketagatik epaitu dituzte seiak.

Epaiketa dela eta, hainbat mobilizazio deitu zituzten azarorako Azpeitian. Urbietaren aurkako epaiketa salatzeko antolatutako mobilizazioei lotuta, hainbat senide eta lagun Parisera joan zen azaroaren 2an, azpeitiarrari elkartasuna adieraztera. Hogeitik gora azpeitiar izan ziren azaroaren 2ko auzi saioan Pariseko auzitegian. 

2010eko ekainean atxilotu zuten Urbieta Frantzian, eta La Santeko kartzelan preso egon ostean, Potiers-Vivonne kartzelara aldatu zuten joan den urtean; etxetik 486 kilometrora dago egun. 2012ko azaroaren 7an epaitu zuten Urbieta Parisen, eta ETA erakunde armatuko logistika militarreko kide izatea leporatuta, bost urteko espetxe zigorra jarri zion epaileak azpeitiarrari. Orain berriz epaituko dute Urbieta, beste delitu batzuk egotzita.

Duela aste batzuk Josu Urbietaren gutuna argitaratu zuen Deserriko Hitzakek webgune honetan.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak

- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten. 
- Joseba Segurola. Lannemezan (Frantzia) preso, 269 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Josu Urbieta (Pow). Potiers-Vivonne (Frantzia) preso, 486 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.

Deportatua

Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.

Iheslaria

- Juan Manuel Bereziartua (Pakea).