Beñat Lizaso finalerako txartelik gabe gelditu da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan

Uztarria.eus 2015ko aza. 29a, 22:30

Gaur, igandea, finalaurrekoetako bigarren saioan seigarren postuan sailkatu da azpeitiarra, Tolosan. Abenduaren 6an Eibarren jokatuko da fase honetako hirugarren eta azken saioa eta, hango irabazlea kontuan hartuz gero, dagoeneko zortzi bertsolari ditu aurretik Lizasok.

Azpeitiko bertsolaririk ez da izango aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren finalean. Gaur, igandea, finalaurrekoetako bigarren saioan seigarren eta azken postuan sailkatu da Beñat Lizaso, Tolosan, 458 puntu batuta. Gaur zortzi Zarautzen jokatu eta Alaia Martinek irabazi zuen lehen finalaurrekoan baino puntuaketa hobeak izan dira gaur Tolosako Usabal kiroldegian. Unai Agirre izan da irabazlea (517 puntu) eta, Martinek Zarautzen bezala, hilaren 19an Donostiako Illunben egingo den finalerako zuzeneko txartela bereganatu duena. Agirreren atzetik sailkatu dira Beñat Gaztelumendi (501), Iñaki Apalategi (493), Oihana Iguaran (482,5), Nerea Elustondo (476) eta Beñat Lizaso.

Orain arteko bi saioetako puntuaketak eta abenduaren 6an Eibarren jokatuko den azken finalaurrekoan irabazleak gutxienez zuzeneko sailkapena lortuko duela kontuan izanda, dagoeneko zortzi bertsolari ditu aurretik Lizasok eta, finalean zortzirentzako tokia izango denez, aukerarik gabe da jada azpeitiarra.

Lasarte-Oriako final zortzirenetan abestu eta final laurdenetara zuzenean sailkatu zen Beñat Lizaso, saioa irabazita. Eskoriatzan abestu zuen hurrengo fasean eta, 485,5 punturekin bigarren egin zuen, Unai Agirreren atzetik; puntuak kontuan hartuta eskuratu zuen orduan gaurko finalaurrekoan aritzeko txartela.