Azpeitiko bizikidetza egitasmoak elkarbanatuz

Uztarria.eus 2015ko aza. 27a, 11:25

Atzo, osteguna, 'Bizikidetza lantzen' jardunaldiak izan ziren Donostian, Gipuzkoako Foru jauregian. Jardunaldien helburua Gipuzkoan abian diren elkarbizitzarako proiektuak azaltzea izanik, 30 bat herritako alkate eta zinegotziak izan ziren ekitaldian. Horiez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Bizikidetza eta Giza Eskubideen zuzendari Maribel Vaquero, Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetza zuzendari Jonan Fernandez, Ipar Irlandako Peace III Partenership programako arduradunetako Mark Glover eta Gipuzkoako Ahaldun Nagusi Markel Olano ere bertan izan ziren. Azpeitiko Udalak ere hartu zuen parte jardunaldietan, eta Eneko Etxeberria alkateak (EH Bildu) eta Xanti Gurrutxaga zinegotziak (EAJ) Azpeitian abian diren bizikidetza egitasmoak elkarbanatu zituzten han bildutakoekin. Jardunaldien baitan, Baketikek egindako bizikidetzaren inguruko testigantzen bideo bat eman zuten, eta bertan, besteak beste, joan den apirilean aurkeztutako Azpeitiko Herritarren Foroko hainbat kidek hartu dute parte, hala nola Alaitz Aguadok, Manoli Urangak, Joxe Arregik, Mertxe Urtuzagak; baita Eneko Etxeberria alkateak ere.

(Argazkia: Baketik)