Klima aldaketaren aurkako bizikleta martxa ostegunean iritsiko da Azpeitira

Uztarria.eus 2015ko aza. 25a, 18:58

Udalak harrera egingo die parte-hartzaileei Izarraitz frontoian, 20:00etan. Parisen bukatuko da martxa, abenduaren 10ean, klima aldaketaren gaineko COP21 goi-bilerarekin bat eginez.

Klima Aldaketari Konponbideak bizikleta martxa bihar, osteguna, iritsiko da Azpeitira. Atzo, asteartea, iritsi zen Euskal Herrira duela hilabete inguru Valentziatik (Herrialde Katalanak) abiatu zen martxaren lerroa. Europa mailako egitasmoa da bizikleta martxa eta kontinenteko lau toki ezberdinetatik abiatutako lerroak Parisen elkartuko dira; han bukatuko da martxa, abenduaren 10ean, klima aldaketaren gaineko COP21 goi-bilerarekin bat eginez. Bidean, hainbat herritan geldialdiak egingo dituzte, besteak beste tokian tokiko erakundeei klima aldaketaren kontrako aldarriarekin bat egiteko eskatuz.

Azpeitian ere hala egingo dute. Bizikleta martxaren antolatzaileen eskaerari erantzunez, Udalak harrera egingo die parte-hartzaileei Izarraitz frontoian, 20:00etan. Klima aldaketaren aurkako irtenbideen aldarrikapena babesteko eskatuko diote Udalari bizikleta martxako kideek.