Gorakadaren 'Moby Dick' lanak irabazi du Euskal Antzerki Topaketen Ikusleen Saria

Uztarria.eus 2015ko aza. 25a, 17:29

Azaroaren 8an taularatu zuten Soreasun, haur zein helduentzako emanaldien sailean. Urriaren 24tik azaroaren 21a bitartean egin den XXXIII. edizioaren 19 emanaldietan, batez beste 330 ikusle elkartu dira.

Gorakada Teatroaren Moby Dick antzezlanak irabazi du XXXIII. Euskal Antzerki Topaketen Ikusleen Saria. Topaketen emanaldi bakoitzaren amaieran izan dute ikusleek antzezlana zer iruditu zaien adierazteko aukera, puntuazioa emanez. Emanaldi guztietako puntuazioak zenbatu ondoren, Gorakadakoena izan da gehien batu dituena eta, beraz, talde horrentzat izango dira Ikusleen Sariaren 600 euroak. Azaroaren 8an taularatu zuten Moby Dick Soreasun, haur zein helduentzako emanaldien sailean.

Ikusleen Sariaren irabazlea zein izan den iragartzearekin bat, amaitu berri diren 2015eko Euskal Antzerki Topaketen balorazioa ere egin du Azpeitiko Udalak. Datua ere eman du: urriaren 24tik azaroaren 21a bitartean egin den XXXIII. edizioaren 19 emanaldietan, batez beste 330 ikusle elkartu dira. "Herritarren erantzuna txalotzekoa eta eskertzekoa" izan dela adierazi dute arduradunek.