Mikel Aiestaranek jaso du Euskal Kazetariak saria

Uztarria.eus 2015ko aza. 24a, 21:53
Mikel Aiestaran, sari-banaketa ekitaldian. (EITB.eus)

Ekialde Hurbilean egiten duen kazetaritza lanaren errekonozimendua jaso du, EITB, Vocento, 5W eta beste komunikabide batzuentzat lan egiten duen kazetariak. Iaz joan zen Aiestaran Azpeititik Jerusalemera bizitzera, familiarekin.

Mikel Aiestaran (Beasain, 1975) freelance kazetariak gaur, astelehena, jaso du Euskal Kazetarien Elkarteak eta Kazetarien Euskal Elkargoak emandako 2015eko Euskal Kazetariak saria. Ekialde Hurbilean egiten duen kazetaritza lanaren errekonozimendua jaso du, EITB, Vocento, 5W eta beste hainbat hedabiderentzat lan egiten duen kazetariak. 

Iaz joan zen Aiestaran Azpeititik Jerusalemera bizitzera, familiarekin. Saria jaso osteko hitzartzean, aitari eta amari eskerrak eman ostean, gogoan izan du Jerusalemen utzi duen familia: "Orain ni bakarrik etorri naiz. Ez nuen pentsatzen Gabonak baino lehen Euskal Herrira bueltatzerik, baina saria horrela irten zen eta etorri egin naiz. Zuek normalean Mikel Aiestaran ikusten duzue, irakurri, entzun, irratian edo sare sozialetan, baina hau -bere buruari erreferentzia eginez-, ni besterik ez naiz. Nire atzean talde oso-oso garrantzitsu bat dago, eta talde horren zati garrantzitsuena Jerusalemen utzi dut. Aloña, Ane eta Telmo dira nire familia, eta hantxe daude bizitzen. Orain dela urtebete joan ginen bizitzera, eta benetan erronka polita da. Talde hori gabe ezingo nuke horrelako lana egin. Kapazak izan dira Izarraitz mendia Olibondoen mendiagatik aldatzeko, eta aldaketa handia izan da, baina oso ondo egin dute".

Uztarriak iazko den urriko zenbakian elkarrizketatu zuen Aiestaran.