IV. Urkome Sarien bozka bidezko sarirako hautagaiak aukeratu dituzte

Uztarria.eus 2015ko aza. 23a, 18:31

Epaimahaiak lau proiektu jarri ditu aukeran. Botoa eman nahi dutenek Urkomeren webgunean sartu behar dute. Igandera arte, azaroak 29, izango da bozketan parte hartzeko aukera.

Urriaren 28an aurkeztu zituzten IV. Urkome Sariak. Urola Kostako landa eremuan egiten diren ekimen edo jarduera berritzaileak saritzeko bi urtean behin egiten den sariketara proiektuak aurkezteko epea azaroaren 16an bukatu zen. Gaur zortzi, hilaren 30ean, banatuko dituzte aurtengo sariak, baina horietako bat erabakitzeko epea irekita dago oraindik.

Urkome Sariek banatuko dituzten sei sarietako bat, Sari Irekia, bozka bidez aukeratuko da, eta bozketa martxan dela jakinarazi dute antolatzaileek. Sariketako epaimahaiak lau proiektu aukeratu ditu bozka bidezko sari horretarako hautagai gisa, eta Urkomeren webgunean edonork dauka lau horien artean nahi duenaren alde botoa emateko aukera aste honetan, azaroaren 29a bitartean. Hauek dira bozka bidezko saria eskuratzeko lau hautagaiak:

  • Lorezaintza eta paisajismo ekologiko eta jangarria proposatzen duen enpresa bat.
  • Udalekuak Beizaman: baserri ezkutuen bila proiektua.
  • Kristalizazio sentiberak abian proiektua.
  • Lanlur aplikazioa.