Herritarrekin eta eragileekin osatuko ditu 2016ko aurrekontuak Udalak

Uztarria.eus | Udala
2015ko aza. 23a, 10:24

Udal Gobernua hasi da 2016ko aurrekontuak prestatzen, eta azken urteetako moduan, herritarren iritziek eta ekarpenek euren tokia izango dute horiek osatzeko prozesuan. Datorren urteko aurrekontuak hiru iturritatik elikatuko dira: Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa, alderdi politikoen eta udal teknikarien eta langileen ekarpenak eta herritarrak. Bestalde, Auzo alkateak berritzeko prozesua ere abiatuko du Udalak.

Ezkerretik eskubira, Estitxu Elduaien, Josu Labaka, Eneko Etxeberria eta Mikel Ibarzabal.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Udal Gobernua hasi da 2016ko aurrekontuak prestatzen, eta azken urteetako moduan, herritarren iritziek eta ekarpenek euren tokia izango dute horiek osatzeko prozesuan. Datorren urteko aurrekontuak hiru iturritatik elikatuko dira: Azpeitia 2025 Plan Estrategikoa, alderdi politikoen eta udal teknikarien eta langileen ekarpenak eta herritarrak.

Herritarrek ekarpenak egin ditzaten, kaleetan buzoiak jarriko dituzte eta Udalaren webgunean atal berezitua jarriko dute. Bestalde, abenduko lehen asteetan herriko eragileekin bilerak egingo dituzte, arloz arlo. "Azken urteetan egindako lanari esker, Udala eta herritarrak gero eta gertuago daude, nahiz eta lanean jarraitu behar dugun. Kirol, kultura, hezkuntza, gazteria, euskara, berdintasun, jai eta beste arlo batzuetako eragileekin hitz egingo dugu, aurrekontuak eta hasi berri dugun agintaldirako asmoak lantzeko", agertu du Josu Labaka zinegotziak.

Udalak azaldu duenez, aurrekontu orokorrak urte amaierarako onartzea aurreikusten dute: "Behin arloka bildu eta herritarren ekarpenak jasota, bi bideak batuko dira aurrekontuak osatzeko. Jasotako proposamenen araberakoa izango den arren, urtea amaitu aurretik aurrekontuak udalbatzan onartzeko asmoa dugu", azaldu du Estitxu Elduaien Ogasun batzordeburuak.

 

"2016ko aurrekontuak aldarte ekonomiko hobeagoan planteatzen ditugu. Izan ere, iazkoekin alderatuz, bi milioi euro gehiago izango ditugu eta, beraz, inbertsioetarako diru gehiago izango dugu", azaldu du Eneko Etxeberria alkateak.

Auzo alkateen hautaketa

Auzo alkateak berritzeko prozesua ere abiatuko du Udalak. 2012. urtean berreskuratu ziren auzo alkateak, "auzotarren beharrei hobeto erantzun eta eurekin elkarlana sendotzeko asmoz". Lasaoko, Matxinbentako, Urrestillako, Nuarbeko eta Aratzerrekako auzotarrek euren ordezkariak aukeratu zituzten. Lau urte pasatu direnez, berriz zabalduko dute hautaketa prozesua.

"Hiru urte pasatu dira ordutik eta, partaidetzako udal agintarauak jasotzen duen bezala, auzo alkateak berriro ere aukeratzeko garaia iritsi da. Datozen bi asteetan, hautagaik aurkeztu eta aukeratzeko prozesuari ekingo dio Udalak, auzoz auzo. Aukeraketa prozesua gardena izango da: edozein auzotarrek izan du bere burua aurkezteko aukera eta auzotar guztiek izango dute hautagaiak aukeratzeko eskubidea", gaineratu du Labakak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu