Antxieta Arkeologia Taldea, lanean gozatzen segitzeko prest

Uztarria.eus 2015ko aza. 21a, 14:19
Ekitaldian parte hartu duten guztiak argazkirako elkartu dira aurkezpenaren bukaeran.

Gaur, zapatua, aurkeztu dute udaletxeko Areto Nagusian Azpeitiko elkartearen mende erdia ospatzeko Udalak argitaratu duen liburua.

"Liburu honen helburua ez da atzera begira jartzea bakarrik. Helburua da zuek beste horrenbeste urtez aurrera jarraitzeko akuilu bat izatea". Hitz horiekin eskertu eta era berean animatu nahi izan ditu Eneko Etxeberria alkateak Antxieta Arkeologia Taldeko kideak, gaur eguerdian udaletxeko Areto Nagusian Antxieta arkeologi taldea, 50 urte lanean gozatuz liburua aurkezteko egin duten ekitaldian.

Azpeitiko Udalak argitaratu duen liburuan, 1965etik hona Azpeitiko arkeologia zaleak elkartzen dituen taldeak betetako ibilbidea eta egindako lana plazaratu dituzte. Izan ere, Etxeberriak berak eta hitza hartu duten beste zenbait protagonistak nabarmendu duten bezala, "ezkutuko lana" da Antxietakoek egin dutena eta egiten jarraitzen dutena, askotan "merezitako errekonozimendua" jasotzen ez duena. Aurkezpeneko mahaiaren bueltan egon dira Antxietako egungo kideak, Udaleko ordezkariak eta Aranzadiko Juantxo Agirre.

Gaur egun Antxieta Arkeologia Taldea denaren oinarriak jarri zituen eta Rafael Rezabalekin batera Ekaingo kobazuloak aurkitu zituen Andoni Albizuri Katxo, eta urte askoan eta egun ere taldekide den baina gaixotasuna medio aurkezpenean egoterik ezin izan duen Joseba Irureta bereziki gogoan izan dituzte ekitaldian hitza hartu dutenek, bereziki Iñigo Olarte eta Jose Inazio Arrieta taldekideek. Arrietak, gainera, Gipuzkoan aurkikuntza arkeologikoak gizarteratzerakoan duten gabezia bat ere azaleratu nahi izan du: "Oker ez banago, Espainiako probintzia guztietan arkeologia museo bat ez daukan bakarra da Gipuzkoa".

Ikuslez beteta zegoen Areto Nagusiko ekitaldia bukatzeko, hiru oroigarri banatu ditu Udalak: Rafael Rezabal Antxietako kide ohia, Maria Jesus Arregi -Andoni Albizuriren alarguna- eta Jabier Lazkano egungo kide beteranoa izan dira oroigarriak jaso dituztenak.