Pedro Guerrak judoko zazpigarren Dan maila eskuratu du

Uztarria.eus 2015ko aza. 19a, 13:08
Pedro Guerra eta haren irakasleak Madrilen. Ezkerretik hasita hirugarrena da Guerra.

Urte guztia prestaketa lanetan aritu ostean, joan den asteburuan Madrilen lortu zuen zazpigarren Dan maila azpeitiarrak. Azpeitiarrak 43 urte daramatza judoa egiten eta irakasle lanetan ere aritu da urte luzez.

Kimura Judo Klubeko kide eta irakasle Pedro Guerrak 7. Dan maila lortu zuen joan den Madrilen. Maila hori eskuratzeko, urte osoan ikastaro trinkoak egin ditu azpeitiarrak Madrilen. Kimura taldekoek azaldu dutenez, "egindako lanak eta esfortzuak merezi izan duela esan daiteke eta bere saria jaso du Guerrak". Gainera, lorpen horrek Azpeitiko judo arloaren "osasuna eta kalitatea uzten ditu agerian", azaldu dute.

Azpeitiarrak 43 urte daramatza judoa egiten eta irakasle lanetan ere aritu da urte luzez. Dena den, Kimura klubean beste zenbait irakaslek, monitorek, kidek eta arbitrok 1. eta 5. Dan-en arteko mailak eskuratuta dituztela jakinarazi dute. Guerrak dioenez, "ez dago adin, egoera edo fisiko konkreturik judoa egiteko, denak dira ongietorriak".

Gerriko beltza 1. Dan mailan eskuratzen da, eta 5. Dan mailara arte mantetzen da gerrikoaren kolore hori. Aldiz, seigarren, zazpigarren eta zortzigarren Dan mailetan gerriko gorri-zuriak eskuratzen dira. Dena den, maila horiez gain, 9. eta 10. Dan-ak ere badira, eta horietan gerriko gorriak eskuratzen dira.

Kimurakoen arabera, "maila horiek lortzeko ez da nahikoa prestaketa fisikoa; ezinbestekoa da Federakuntzari dagozkion betebeharrak ere betetzea. Hau da, lizentziak eguneratuta izatea, klub homologatu batean federatuta egotea, betebeharrak eguneratuta izatea eta maila bakoitzean beharrezko denbora egon izatea".