Antzerkiak hartuko du Gaztetxea, gaur eta bihar

Uztarria.eus 2015ko aza. 19a, 11:39

Azken txanpara iritsi dira XXXIII. Euskal Antzerki Topaketak, eta bi antzerki alternatiboa eta zarzuela bat izango dira ikusgai egunotan. Gaur eta bihar, Zer duzu Amy? eta Amodioaren ziega obrak eskainiko dituzte, hurrenez hurren, Gaztetxean. 21:30ean hasiko dira, eta aurretik luntxa izango da.

XXXIII. Euskal Antzerki Topaketak iritsi dira azken txanpara, eta antzerki alternatiboaz nahiz operaz gozatu ahal izango da asteburu honetan. Lehenengo, bi egunez, tokiz aldatuko dira topaketak. Izan ere, antzerki emanaldi bana izango da gaur eta bihar, Gaztetxean.

Zer duzu Amy? antzezlana ikusi ahal izango da gaur, osteguna, 21:30etik aurrera. Amy Winehousen ahotsarekin eta izaerarekin txoratuta dagoen neska baten istorioa kontatuko dute, eta artisa hil ostean hark hartzen duen bidea izango da obraren mamia. Oh My God! taldearen lana da, eta Eguzki Zubia eta Natxo Gomez dira zuzendariak. Leire Ucha da istorioaren idazlea eta aktorea.

Bihar, berriz, Amodioaren ziega obraz gozatu ahal izango da Gaztetxean. Xabier Mendiguren da zuzendaria, eta Lauka teatroak ekoitzitako lana da. Nazaret Froufe, Urki Muguruza, Joana Ocaña eta Eneko Sagardoy dira antzezleak. Horiek bikote batek maitasunari eusteko zer oztopo dituen oholtzaratuko dute, bietako bat kartzelan den bitartean.

Antzerkiok Gaztetxean izango dira, eta aurretik jantoki begetarianoa iragarrita bazegoen ere, luntxa eskainiko dute 20:00etatik aurrera.

Zapatuan bukatuko dira topaketak, Mozkorra parregarri euskarazko zarzuelarekin.