Asier Cuevas eta Jose Antonio Araneta Gipuzkoa Kirolak eta Kirol Boluntariotza sarietarako hautagai

Uztarria.eus 2015ko aza. 19a, 11:15

Asier Cuevas Gipuzkoako Kirolak sarietarako hautagaia da, irailean bigarren postua eskuratu baitzuen 100 kilometroko Munduko Txapelketan. Bestalde, Kirol Boluntariotza sariak ere banatuko dituzte, eta Jose Antonio Araneta Gipuzkoako Automobilismo Federazioko lehendakariordea da hautagaietako bat.

Gipuzkoako Foru Aldundiak abian jarri du 2015eko Gipuzkoako Kirolak eta Kirol Boluntariotza sariak aukeratzeko prozesua. Lurraldeetako Kirol Federazioek, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuarekin lankidetzan, hautagaiak moldalitate desberdinetako 32 kirolari psoposatu dituzte, eta tartean da Asier Cuevas Azpeitian bizi den atleta. Asier Cuevasek bigarren postua eskuratu zuen 100 kilometroko Munduko Txapelketan, irailean.

Bestalde, Kirol Boluntariotza sariak ere banatuko dituzte. Sari horren bidez, Gipuzkoako kirolari borondatez eskainitako ahalegina aitortu nahi diote irabazleari, eta Jose Antonio Araneta Gipuzkoako Automobilismo Federazioko lehendakariorde azpeitiarra da hautagaietako bat.

Herritarrek hautagaien aldeko botoa emateko aukera dute, abenduaren 4a bitartean. Hemen, eman behar da botoa eta bozka gehien jasotzen dituztenek eskuratuko dituzte Gipuzkoako Kirolak eta Kirol Boluntariotza sariak.