Jesuiten gizarte sektoreko mundu mailako sarea Loiolan elkartuko da

Uztarria.eus 2015ko aza. 11a, 18:51

Topaketa azaroaren 16tik 20ra izango da eta, bertan, "justizia sozialaren eta ingurumenaren aldeko borroka antolatzeko modu berriak" aztertuko dituzte. Migrazioen, errefuxiatuen, ingurumenaren eta hezkuntzaren arloetan lanean dabiltzan nazioarteko hainbat aditu etorriko dira. 

Networking for Justice topaketaren helburua "Jesusen Lagundiak gizarte arloan mundu mailan egiten duen sareko lana sustatzea" dela aipatu dute. "Mundu osoan gerratik, pobreziatik, ingurumenari egiten zaizkion kalteetatik eta itxaropenik gabeko egoeretatik ihesi dabiltzan pertsonak inoiz baino gehiago" direla eta, Jesusen Lagundiaren topaketan "bidegabekeria" horiei erantzuteko moduak aztertuko dituztela azaldu dute antolatzaileek.

Elkarretaratze hori Jesusen Lagundiaren 36. Kongregazio Nagusia ospatzeko urtebete falta denean eta "munduko errealitate gordinenek marka guztiak hautsi dituztenean" antolatu da. Izan ere, 60 milioi errefuxiatu daude gerratik ihesi eta 170 milioi pertsona dira pobreziatik, goseteetatik, hezkuntza eskubideen gabeziatik edo ingurumenari egiten zaizkion kalteengandik ihes egin dutenak, jesuitek emandako datuen arabera.

Konferentzien Gizarte Arloko Koordinatzaileak etorriko dira Azpeitira, baita Xabier Sarea eta mundu mailako Jesusen Lagundiko Gizarte Apostolutzako beste sareak ere. Horiek, besteak beste, migrazioaren, hezkuntza eskubideen, ekologiaren nahiz baliabide naturalen gobernantzaren inguruan arituko dira.