Samartinak ospatuko dituzte ostiralean eta zapatuan Errebalean

Uztarria.eus 2015ko aza. 10a, 13:07
Iazko samartinetako ume jolasetako irudi bat.

Ostiralean III. Mus Txapelketa izango da, eta zapaturako berriz, egun osoko egitaraua prestatu dute. Zapatuan egingo den bazkarirako izena aurrez eman behar da, Pikua tabernan edo Nerea Eskulanak dendan. Eguraldiak laguntzen badu, kalean izango da bazkaria 14:30ean hasita.

Bihar, hilak 11, izango da San Martin eguna, eta Lasaon jada festak ospatu badituzte ere, asteburuan izango dira jaiak Bustinzuriko Errebalean. Ostiralean eta zapatuan ospatuko dituzte samartinak, eta egitarau oparoa prestatu dute larunbaterako; goizean hasita, txistularien goiz eresia, zezen txikiak eta poniak, bazkaria, trikitilariak, sokamuturra, erromeria eta DJ emanaldia izango dira, besteak beste. Dena den, ostiralean hasiko dira festetako ekitaldiak. Izan ere, Errebaleko III. Mus Txapelketa izango da Pikua eta Urtzi tabernetan. Izena 21:30ak baino lehen eman beharko da bi taberna horietan eta bikoteko 20 euro kostatuko da izen-ematea.

Zapatuan egingo den bazkarirako izena aurrez eman behar da, Pikua tabernan edo Nerea Eskulanak dendan. Eguraldiak laguntzen badu, kalean izango da bazkaria 14:30ean hasita. Eta bestela, joan den urteko gisan, Txokoa tabernan egingo da.

Horrez gain, kaleko dendari nahiz tabernari guztien ekarpenarekin saski bat osatu dute festen sustatzaileek. Saski horren zozketarako zenbakiak denda nahiz tabernetan oparituko zaizkie bezeroei, eta zozketa larunbatean bertan egingo dute.

Festen antolatzaileek aurreko urteko ildoari jarraituz, festa eguna indartu nahi izan dute: "Egitarau oparoa prestatu dugu urtengoan ere, eta haurrek, gazteek zein helduek izango dute jaietako egitarauan parte hartzeko aukera".

Hemen egitarau osoa:

Azaroak 13, ostirala

22:00etan III. Mus Txapelketa, Pikua eta Urtzi tabernetan.

Azaroak 14, zapatua

11:00etan goiz eresia txistulariekin.

12:00etan ume jolasak.

13:00etan zezen txikiak eta poniak.

14:00etan triki-poteoa.

14:30ean bazkaria, kalean.

16:00etan triki-kafea.

16:30ean sokamuturra.

18:00etan sokamuturra.

Ondoren, dendetako produktuz osatutako otarrearen zozketa.

19:00etan Erokomeriren erromeria.

Segidan, luntx herrikoia.

00:00etan DJ Refeere Pikua tabernan.