Azpeitiko helduen euskalduntzearen familiako argazkia

Uztarria.eus 2015ko aza. 5a, 19:37

Udal Euskaltegiaren ikastaroetan, Auzoko harrera linguistikorako programan edota herritarren ekimenez Sanjuandegin abian den Mintzapraktika egitasmoan. 150 lagunetik gora ari dira ikasturte honetan Azpeitian helduen euskalduntze eta alfabetatze saioetan parte hartzen. Horietako asko, herrian jaiotakoak, aspalditik hemen bizi direnak zein iritsi berriak euskaran murgiltzen bidelagun dituzten irakasle eta begiraleekin batera, elkartu ziren atzo, asteazkena, Sanagustin kulturgunean, Azpeitiko Udalak antolatutako ikasturte hasierako ekitaldian.

Ahalegin berean ari direnei elkar ezagutzeko aukera emateaz gain, ahalegin horren aitortza egin nahi izan du Udalak ekitaldi horrekin, "euskara ikasten eta irakasten ari direnei" eskerrak emanez. Era berean, Udalak herritarrak euskalduntzeko jartzen dituen baliabideak ere nabarmendu zituzten atzokoan Eneko Etxeberria alkateak eta Josu Labaka zinegotziak, eta Sanagustinen elkartutakoen bidetik, euskaraz ez dakiten azpeitiarrak animatu zituzten, hizkuntzara hurbildu eta ikas dezaten.