Azaroaren 11n izango da azkenean Siriako errefuxiatuen gaineko bilera

Uztarria.eus 2015ko aza. 5a, 17:58

19:00etan izango da, Baigera Ieko aretoan. CEAR Euskadi taldeko lehendakaria eta zuzendaria eta Udaleko arduradunak izango dira bertan. Errefuxiatuen inguruko egoera eta legedia azaltzeaz gain, herritarrek nola lagundu dezaketen aztertuko dute.

Azaroaren 11n, asteazkena, egingo dute azkenean Siriako errefuxiatuez hitz egiteko bilera irekia. Hasieran, hilaren 4an egitekoa zen herritarrei zuzendutako bilera, baina joan den astean bilera atzeratu egingo zela jakinarazi zuen Udalak. Gaur, berriz, behin betiko data baieztatu dute.

Errefuxiatuen inguruko egoera eta legedia azaltzeaz gain, herritarrek nola lagundu dezaketen aztertuko dute asteazkeneko batzarrean. Baigera Ieko aretoan izango da, 19:00etan. CEAR Euskadi taldeko lehendakaria eta zuzendaria eta Udaleko arduradunak izango dira bertan, parte hartzera animatzen diren herritarrei azalpenak emateko.

Iraileko udalbatzarrean onartu zuen Azpeitiko Udalak Siriako errefuxiatuentzat babes herri izatea, eta horren ondorioz antolatu dute herritarrei informazioa helarazteko bilera.