Ardo Egunean parte hartu zutenei eskerrak eman dizkie Udalak

Uztarria.eus 2015ko aza. 5a, 13:08
Ardo Eguneko irudi bat.

Mikel Ibarzabal festa zinegotziak azaldu duenez, "Ardo Eguna ez dio diru-kosturik sortu Udalari" eta esker hitzak izan ditu festaren antolakuntzan-eta parte hartu duten guztientzat.

Joan den zapatuan Ardo Egunean parte hartu zuten guztiei eskerrak eman dizkie Udalak, "euren laguntza eta borondatea ezinbestekoa izan delako horrelako jaialdi eta ekimen berezia antolatzeko eta aurrera emateko". Mikel Ibarzabal festetako zinegotziak aipamen berezia eta eskerrak eman dizkie Pierola, Cerro Añon, Ruiz de Viñaspre eta Ostatu upategiei, Odriozola Ardoaki, Asier Villegasi, Azkune fruta dendakoei, herriko Gaixo eta Elbarrituen Aisialdi Taldekoei, txorizo lehiaketan parte hartu zuten 30 harakinei eta Valentin Odriozola harakinari, "bere ideia eta ekarpenengatik". Horiez gain, esker hitzak izan ditu "ekimena bultzatu eta lan berezia egin duten" Merkatarien Federazioarentzat, Harakin eta txarkuteroen elkartearentzat, Edertorentzat, Belabarcerentzat eta epaimahai lanetan aritu zirenentzat.

Ibarzabalek azaldu duenez, 920 kopa saldu ziren zapatuan, eta Ardo Egunak Udalari "ez dio diru-kosturik sortu". "Parte hartu duzuen guztiok hurrengo aldietan ere gurekin izango zaretelakoan eta zuen laguntza paregabea izango dugulakoan, agur, esker mila eta datorren ediziora arte", gaineratu du Ibarzabal zinegotziak.