Udalak Urola Erdiko Lapatx Zabortegia SAn duen ordezkaritzan aldaketak onartu ditu Udalbatzak

Uztarria.eus 2015ko aza. 4a, 17:50

Zabortegia kudeatzen duen erakundearen bederatzi kontseilarietatik bost dagozkio Azpeitiko Udalari. Orain arte, bosgarrena Udaleko kudeatzailea izan behar zen; aurrerantzean, ordea, hautetsi bat izango da.

Azpeitiko Udalaren eta Urola Erdiko Mankomunitatearen arteko lankidetza hitzarmena eguneratzea onartu zuen atzo, asteartea, Udalbatzak aho batez, azaroko ohiko bilkuran. Hitzarmenaren eguneraketa Urola Erdiko Lapatx Zabortegia, SAn Udalak duen ordezkaritzan emango den aldaketa bati dagokio.

Lapatx zabortegiaren kudeaketaz arduratzen den sozietatea da Urola Erdiko Lapatx Zabortegia, SA. Sozietatearen administrazio kontseilua bederatzi kontseilarik osatzen dute eta horietatik bost Azpeitiko Udalak izendatutakoak dira. Orain arte, Azpeitiari zegokion bosgarren ordezkaria Udaleko kudeatzailea izan behar zen. Aurrerantzean, ordea, atzo erabakitako aldaketaren arabera, bosgarren kudeatzailea hautetsi politiko bat izango da, eta ez kudeatzailea. Hain zuzen ere, bi aukera edo proposamen jasoko dituzte hitzarmenaren barruan, bosgarren ordezkari horri dagokionez: laugarren alkateordea izatea edo, bestela, oposizioko lehen alderdiaren ordezkari bat.

Hitzarmen gehiago

Mankomunitatearkin lotzen duen hitzarmenaren eguneraketaz gain, beste hainbat hitzarmen onartu zituzten azaroko udalbatzarrean. Horrela, Loiolan botatako Turbina etxearen orubearen erabilerarako Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eginiko hitzarmena eta Euskalerriaren Adiskideen Elkartearekin eginikoa, elkarte horren argitalpen batzuk Udalak gorde ditzan, aho batez onartu zituzten.

Beste bi hitzarmenetan, aldiz, EAJko zinegotziak abstenitu egin ziren. Azpeitiko eta Azkoitiko udalen eta Iraurgi Lantzen SAren artekoa da bata, ekonomia sustatzeko diru-laguntzei dagokiena; eta Azpeitiko Udalaren eta Loiola Berrikuntza Fundazioaren artekoa bestea, Urola Erdian garapen sozioekonomikoa eta enplegu sorrera bultzatzeko. Bi hitzarmen horiek atzoko bilkuran ez tratatzea eskatu zuten jeltzaleek, Ekonomia batzordean ez dituztela landu argudiatuta. Eskaera horren aurrean, bi hitzarmen horiek 2015eko aurrekontuetan sartzen direla erantzun zion Eneko Etxeberria alkateak Aitor Gorrotxategi EAJren bozeramaleari, zegokienean landu zituztela, eta automatikoki berritzen direla.