Hasi da Josu Urbieta 'Pow'-ren aurkako epaiketa Parisen

Uztarria.eus 2015ko aza. 3a, 10:26
Josu Urbieta 'Pow' epaitzen ari direla eta, elkarretaratzea egin zuten atzo hainbat lagunek plazan.

Atzo, astelehena, hasi zen Josu Urbieta Pow azpeitiar presoaren eta beste bost lagunen aurkako epaiketa Parisen (Frantzia), eta bost astez luzatuko da. Ondoren, abenduaren 3an, jakinaraziko dute epaia. Atzo bertan abiatu ziren Urbietaren hainbat senide eta lagun Parisera, hari elkartasuna adieraztera. Bestalde, gaur, asteartea, herriko ikastetxeetako ikasleek elkarretaratzea egingo dute 10:30ean.

Atzo, astelehena, hasi zen Josu Urbieta Pow azpeitiar presoaren eta beste bost lagunen aurkako epaiketa Parisen (Frantzia), eta bost astez luzatuko da. Ondoren, abenduaren 3an, jakinaraziko dute epaia. Jean-Serge Nerin poliziaren hilketagatik ari dira epaitzen Josu Urbieta, Arkaitz Agirregabiria, Mikel Karrera, Izaskun Lesaka, Xabier Goienetxea eta Joseba Fernandez. Arkaitz Agirregabiriak atzoko auzi saioan azaldu zuenez, "ustekabeko borroka batean" hil zen Nerin. Hark jakinarazi zuenez, Frantziako poliziak hasi ziren tiroka.

Epaiketa dela eta, hainbat mobilizazio deitu zituzten joan den astean, eta atzo 19:00etan elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek plazan, Epaiketarik ez, konponbidea orain lelopean. Han azaldu zutenez, atzoko auzi saioan ez zutela epaiketako epaimahaia errekonozitzen azaltzeko, komunikatu bat irakurri zuten auzipetuek, eta "borrokarako eta desobedentziarako" deia egin zuten.

Urbietaren aurkako epaiketa salatzeko antolatutako mobilizazioei lotuta, atzo bertan abiatu ziren Urbietaren hainbat senide eta lagun Parisera, hari elkartasuna adieraztera. Bestalde, gaur, asteartea, herriko ikastetxeetako ikasleek elkarretaratzea egingo dute 10:30ean, Urbietaren kontrako epaiketa salatzeko.

2010eko ekainean atxilotu zuten Urbieta Frantzian, eta La Santeko kartzelan preso egon ostean, Potiers-Vivonne kartzelara aldatu zuten joan den urtean; etxetik 486 kilometrora dago egun. 2012ko azaroaren 7an epaitu zuten Urbieta Parisen, eta ETA erakunde armatuko logistika militarreko kide izatea leporatuta, bost urteko espetxe zigorra jarri zion epaileak azpeitiarrari. Orain berriz epaituko dute Urbieta, beste delitu batzuk egotzita.

Duela aste batzuk Josu Urbietaren gutuna argitaratu zuen Deserriko Hitzakek webgune honetan.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak

- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten. 
- Joseba Segurola. Lannemezan (Frantzia) preso, 269 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Josu Urbieta (Pow). Potiers-Vivonne (Frantzia) preso, 486 kilometrora. 2010eko ekainean atxilotu zuten.

Deportatua

Iñaki Etxarte. Kuban deportatuta.

Iheslaria

- Juan Manuel Bereziartua (Pakea).