Hornitu proiektua aurkeztu dute, Urola Erdiko enpresen lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin

Uztarria.eus 2015ko aza. 2a, 11:52
Joan den osteguneko aurkezpeneko irudia. (Azpeitiko Udala)

Joan den ostegunean egin zuten aurkezpena Intsausti jauregian. Egitasmo horren bidez, eskualdeko enpresa traktoreen eta hornitzaileen arteko elkarlana sustatu nahi dute, "herriko eta eskualdeko aktibitate ekonomikoa indartzeko asmoz". 

Urola Erdiko enpresen lehiakortasuna eraldatzeko eta hobetzeko helburua duen Hornitu proiektua aurkeztu zuten joan den ostegunean, Azpeitiko Udalak eta Iraurgi Berritzenek. Egitasmo horren bidez, eskualdeko enpresa traktoreen eta hornitzaileen arteko elkarlana sustatu nahi dute, "herriko eta eskualdeko aktibitate ekonomikoa indartzeko asmoz". Ostegunean Azkoitiko Intsausti jauregian egindako jardunaldian eskualdeko ondorengo enpresa traktoreetako ordezkariak izan ziren: Glual, Sarralle, Ibarmia, Juaristi, Sammic eta Domusa. Beste 22 enpresa hornitzaile ere bertan izan ziren. 2014an Urola Erdian egindako ehun ekonomiko-industrialaren egoeraren diagostikoa izan zen ekitaldiaren abiapuntua eta Industria Maparen ondorio nagusiak ere aurkeztu zituen IMHko Fermin Lazkanok.

Enpresa traktoreetako ordezkariek mahai-ingurua egin zuten eta proiektuan parte hartzeko interesa eta konpromisoa agertu zituzten, "eskualdeko aktibitate ekonomikoa guztion artean indartzeko helburuarekin". Mundu mailan lehiatzen diren enpresa traktoreek, eskualdean dauden indargunetatik abiatuta, enpresa hornitzaileek dituzten behar eta aukera berriak azpimarratu zituzten lehiakortasun gaitasuna garatzeko: prozesuen optimizazioa, joera berriei egokitzapena, flexibilitatea...

Horrez gain, eskualdeak duen erronka horri erantzun ahal izateko, Iraurgi Berritzenek Hornitu proiektuaren baitan proposatzen diren ekintza lerroak aurkeztu eta kontrastatu zituen, enpresa hornitzaileen interesak jasoz:

  • Eskualdeko enpresa industrialen gaitasunen difusioa, katalogo on line baten bitartez.
  • Enpresa traktore eta hornitzaile artean bisitak eta jardunaldiak sustatuko dira, mundu mailako joerak zein beharrak ezagutu eta egokitzeko beharrezko proiektuak abian jartzeko.
  • Iraurgi Berritzenek bitartekaritza zerbitzua eskainiko du, identifikatutako proiektuak bideratzeko laguntza eskainiz IMH-rekin elkarlanean eta enpresa traktoreen eskaintzak zabaltzeko eskualdeko enpresa hornitzaileen artean.

Enpresetatik jasotako erantzunen arabera, lan talde desberdinen egituraketarekin hasiko dira: subkonjunto mekanikoen muntairako zerbitzuak; konponente mekano-soldatu amaituen hornitzaileak eta injenieritza mekanikoen lan desberdinak...