Atzeratu egin dute azaroaren 4an errefuxiatuen gainean egitekoa zen bilera

Uztarria.eus 2015ko urr. 30a, 18:07

Gaia koordinatzearen ardura hartu berri duen CEAR erakundearekin zehaztu behar du Udalak data berria.

Iraileko udalbatzarrean Siriako errefuxiatuentzat babes herri izatea onartu ondoren, Euskal Herriko beste udal eta erakundeekin "modu koordinatuan lan egiteko" pausoak ematen hasi den Azpeitiko Udala. Ildo horretan, herritarrekin bilera bat egitea adostu zuten. Bilera hori azaroaren 4an egitekoa zen, baina Udalak gaur bertan jakinarazi du atzeratu egin dela.

Herritarrekin egin beharreko bilera atzeratzearen arrazoia Gipuzkoan errefuxiatuen harrerarako koordinazioan gertatu den aldaketa dela azaldu du Udalak. "Orain arte Gurutze Gorria ari zen arduratzen, baina orain errefuxiatuen laguntzarako CEAR elkartea da arduraduna". Horrenbestez, CEAR erakundearekin zehaztu behar du Udalak data berria, herritarrekin hitzordu berria jartzeko.