Hiru antzerki obra eta Antzerkizaleen Eguna, astebururako

Uztarria.eus 2015ko urr. 30a, 12:57

Gaur, bihar eta etzi, Lukurreria, lizunkeria eta heriotzaren erretaula, Itsasoari negar eta Kixote obrak ikusi ahal izango dira Soreasu antzokian. Igande goizean, berriz, III. Antzerkizale Eguna ospatuko dute, 10:30ean hasita. 

XXXIII. Euskal Antzerki Topaketen baitan, gaurtik igandera bitartean, hiru antzerki obra izango dira ikusgai Soreasu antzokian. Horrez gain, igandean, III. Antzerkizale Eguna ere ospatuko dute.

Gaur, ostirala, 21:30ean hasita, Zestoako interpretazio eskolako kideek Lukurreria, lizunkeria eta heriotzaren erretaula eskainiko dute. Bihar, zapatua, berriz, Ze onda taldearen Itsasoari negar obra ikusi ahal izango da, 21:30etik aurrera, Soreasun. Bi obretan hainbat azpeitiarrek hartuko dute parte. Hala nola, Ainhoa Casinak, Estitxu Elduaienek eta Ane Arenasek.

Igande goizean III. Antzerkizale Eguna ospatuko dute, EHAZEk eta Metrokuadroka taldeak antolatuta. Herriko kaleetan zehar ekitaldi berezia egingo dute 10:30etik aurrera, eta ondoren hamaiketakoa izango dute Sanagustin kulturgunean.

Arratsaldean, aldiz, haur eta helduei zuzendutako Kixote antzezlanaz gozatu ahal izango da Soreasun. 18:00etan hasiko da emanaldia.

Topaketetarako sarrerak antzezlanen egunetan erosi ahal izango dira Soreasu antzokiko lehiatilan. Obra baino ordubete lehenago zabalduko dute eta helduek bost euro eta 14 urte bitartekoek 3 euro ordaindu beharko dute sarrerako.