Etorkizun egitasmoaren hamargarren ikasturtea abian da

Uztarria.eus 2015ko urr. 28a, 19:24
Ikastetxeetako, Euskara Patronatuko eta Udaleko ordezkariek aurkeztu dute Etorkizunen hamargarren ikasturtea. (AZPEITIKO UDALA)

2015-2016 ikasturtean herriko ikastetxeetan dabiltzan 87 haur eta gazte etorkin ari dira parte hartzen euskara errefortzua ematea helburu duen programa honetan. 2006an hasi zirenetik hona, 874 ikasle igaro dira Azpeitiko Euskara Patronatuak ikastetxeekin elkarlanean ematen duen zerbitzutik.

2006an jarri zuen abian Etorkizun egitasmoa Azpeitiko Udalak, Azpeitira bizitzera etorritako atzerritarren seme-alabei euskararen ezagutzan eta erabileran sakontzen laguntzeko asmoarekin. Euskara Patronatuak eta herriko lau ikastetxeek elkarlanean eskaintzen duten doaneko errefortzu zerbitzua Lehen Hezkuntzan eta DBHn ikasten duten ikasleei zuzentzen zaie gau egun eta 2015-2016 honetan hamargarren ikasturteari ekin dio.

87 ikaslerekin hasi dute ikasturte berria Etorkizunen eta, horiek batuta, egitasmoa hasi zenetik guztira 874 haur eta gaztek erabili dute zerbitzua, ikasturte bakoitzean batez beste 80k. Ikasle gehienak astean ordubeteko bi saiotara joaten dira, eta etorri berriak diren ikasle helduenek astean ordubeteko lau saio jasotzen dituzte.

Gizarte eta hizkuntza integrazioa

Euskaraz hitz egiten ez den tokietatik etorri diren edo euskaraz ez dakiten familietako seme-alabentzat "Azpeitia bezalako arnasgune batean euskaraz bizitzeko egin beharreko ahalegina erronka handia" dela gogorarazi dute Udaleko eta Euskara Patronatuko ordezkariek gaur, asteazkena, hamargarren ikasturtearen aurkezpena egiteko Patronatuan emandako prentsaurrekoan. Etorkizun "etorkinen gizarte eta hizkuntza integraziorako" egitasmoa dela nabarmendu dute, "helburu hori lortzen laguntzeko bitarteko bat", kanpotik herrira datozenek egin beharreko ahalegin hori aitortuz.

"Euskaraz ez dakiten ikasleak euskalduntzeko" ikastetxeek egiten duten "lan handia" ere azpimarratu nahi izan du Azpeitiko Udalak. Lan horri babesa emateko prest agertzeaz gain, herritarrei ere luzatu die eskaera, "ikasle horiei euskara erabiltzen laguntzeko" eskatuz.