Gurasoentzako tailerrak ematen hasi dira Iraurgi Ikastetxean

Uztarria.eus 2015ko urr. 28a, 17:14

Herritar guztiek dute parte hartzeko aukera eta dohainik dira. Otsailera bitartean, bi astean behin emango dituzte, Iraurgiren Artzubiko egoitzan, 16:00etatik 17:00etara. Bereziki 5 urte arteko haurren gurasoei zuzendutako saioak izango dira.

Joan den astelehenean hasi ziren Iraurgi Ikastetxean gurasoentzako tailerrak. Iraurgik antolatu baditu ere, herriko edozein gurasok har dezake parte otsaila bitartean bi astean behin emango dituzten doaneko tailerrotan.

Antolatzaileen esanetan, tailerren helburua "seme-alaben heziketan laguntzeko interesgarri eta beharrezko izan daitekeen informazioa ematea da. Gurasoek dituzten zalantzak argitzea eta heziketa bidea zerbait erraztea izango da erronka". Egokitzapena, kasketak, zeloak edota autonomia izango dira, besteak beste, landuko dituzten gaiak, eta guraso eta irakasleen arteko esku-hartze interaktiboan oinarrituko dira saioak, "gurasoei esperientzia berriak eskainiz".

Haur Hezkuntzako koordinatzaile, aholkulari eta irakasleek bideratuko dituzte saioak. Iraurgi Ikastetxearen Artzubiko egoitzan egingo dituzte (Haurreskolaren eta Haur Hezkuntzaren eraikinean) eta 16:00etatik 17:00etara izango dira.

Talde mugatuak izango direnez, interesa izanez gero "lehenbailehen" 943816380 telefonora deitzea edo hh@iraurgi.com posta elektroniko helbidera idaztea gomendatzen dute antolatzaileek.