Xaguxatar parkea hasi da itxura hartzen

Uztarria.eus 2015ko urr. 27a, 10:53
Xaguxatar parkea hasi da itxura hartzen.

Lanak udaberrian bukatuko dituzte, baina dagoeneko hasi da itxura hartzen Ingurugiro Museoaren kanpokaldeko parkea, eta aurki izango da erabilgarri. Datozen hiru urteetan Azpeitiko Udala arduratuko da museoaren administrazioaz eta kudeaketaz, eta Eusko Jaurlaritzak 120.000 euro emango dizkio Udalari urtero.

Joan den abuztuan kendu zituzten dinosauroak Ingurugiro Etxearen kanpokaldeko haurren parketik, eta irailean hasi zituzten bertan Xaguxatar parkea egiteko lanak. Dagoeneko hasi da Izarraitz mendilerroko saguzarra ardatz izango duen 1.800 metro karratuko parkea itxura hartzen. "Aisialdirako eta naturarekin harremana bilatzek sortutako proiektuak" sei gune izango ditu: saguzarren horma, enbor bertikalen baratzea, labirintoa, intrektuen hotela eta egongune alternatiboa.

Lanak udaberrian bukatzea aurreikusten dute, baina aurki izango da parkea erabilgarri. Enbor bertikalak jarri dituzte dagoeneko, eta saguzarren horma ere atonduta dago. Iñigo Segurolaren Lur Paisajistak taldea ari da gunea egokitzeko lanak egiten, eta Kimu Bat enpresa ere ari da proiektuan parte hartzen. Saguzarraren horma, berriz, Iban Izagirre eta Iñigo Borda azpeitiarrek pintatu dute.

Datozen hiru urteetan Azpeitiko Udala arduratuko da museoaren administrazioaz eta kudeaketaz, eta Eusko Jaurlaritzak 120.000 euro emango dizkio Udalari urtero, lan horiek egiteko. Parke zaharreko dinosauroak, berriz, Udal biltegian gorde dituzte eta etorkizunean horiekin zer egin edo non kokatu aztertzen ari direla jakinarazi dute.

Ingurugiro Museoa 1987ko ekainaren 5ean zabaldu zuen Eusko Jaurlaritzako Lurralde Antolamendu, Etxebizitza eta Ingurugiro Sailak, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean, "bereziki eskoletako neska-mutilek ingurumena ezagutzeko eta horren inguruko arazoez jabetzeko". 28 urteotan 300.000 bisitari baino gehiago izan ditu museoak.