Liher Unanue: "Iaz emaitza oso onak izan genituen Azpeitian eta aurten horiek mantentzea edo hobetzea espero dugu"

Uztarria.eus 2015ko urr. 27a, 12:49
Errigorakoek iaz auzolanean ateratako argazkia. (Errigora)

Liher Unanue (Lasarte, 1980) duela hiru urte sortu zen Errigora kanpainaren sustatzaileetako bat da. Euskal Herria oinarri nahiz lanabes dituen kanpaina herritarra da Errigora, eta Nafarroa hegoaldeko euskalgintza bultzatzeko helburuarekin sortu zen. Ekimena aurrera eramateko Nafarroa hegoaldeko produktuekin eginiko saskiak saltzen dituzte, Euskal Herriko hainbat txokotan. Azpeitian, esate baterako, horiek erosteko 14 gune jarri dituzte. Uztarria.eus-ek Unanuerekin hitz egin du.

Zer egiten duzue Errigoran?

Talde eragilea sei kidek osatzen dugu. Errigora duela hiru urte sortu zen ekimena da eta helburua euskara hizkuntza ofiziala ez den zonaldeetan euskara nahiz nekazaritza bultzatzea da. Bi horiek auzolanean egitea da gure hirugarren helburua.

Zerk bultzatu zuen Errigoraren sorrera?

Duela hiru urte Argia Ikastola diru behar ikaragarriarekin zegoela ikusita, Zazpiak batek eta Ikastolen Elkarteak lehenengo esperimentua egin zuten. Nafarroa hegoaldeko produktuekin saski bat osatu zuten eta hainbat herritako puntu ezberdinetan jarri zituzten saltzen.

Nafarroa hegoaldeko euskalgintzaren egoera ez dago bere onenean.

Baldintza kaxkarretan dago; diru laguntzarik ez daukate eta ikastoletan hitzarmenak oso justukoak dira. Ezintasun asko dauzkate bertako euskalgintza bultzatzeko. Ezinbestekoa dute beste herrialdeek eskainitako laguntza ekonomikoa nahiz babesa. Iaz guztira 13.000 saski inguru saldu ziren eta datu horrek beraiei ikaragarrizko indarra ematen diete, proiektuaren atzean jende asko dagoela ikusten baitute.

Lortutako dirua zein proiektuetara bideratzen duzue?

Gure kanpainan hiru eragilek hartzen dute parte: Ikastolen elkarteak, AEK-k eta Sortzenek. Lortutako dirua hiruren artean banatzen da. Ikastolen elkarteak bere zatia Lodosako eta Bianako ikastoletara bideratzen du, dituzten zorrekin laguntzeko helburuarekin. AEK-k aurreko urtean beka sistema bat jarri zuen abian eta hori mantendu nahi dute. Zangotza nahiz Nafarroa ekialdeko beste leku batzuei ere laguntzeko helburua du beka horrek. Sortzenek, berriz, Nafarroa hegoaldean D ereduan matrikulatzeko aukera sustatzeko kanpainak egingo ditu.

Orain arte diru mordoxka bideratu duzue Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara.

Jendea ondo ari da erantzuten. Azkenean diru mordo bat da hango euskararen nahiz nekazaritzaren arazoei aurre egiteko, eta guzti hau oso baliagarria ari da izaten. Gainera, normalean, kontsumitzaileak errepikatzera animatu ohi dira. Diruaz gain, beste hainbat emaitza positibo ere ari da edukitzen ekimena. Nekazariek euren artean daukaten harremanetan nahiz kontsumitzaileen jarrera positiboan, besteak beste. Diru-laguntzaz gain, geroz eta gauza polit gehiago ari dira sortzen.

Iaz 200 saski eskatu ziren Azpeititik eta guztira 2.500 euro bideratu ziren Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara.

Iaz emaitza oso onak izan genituen Azpeitian eta aurten horiek mantentzea edo hobetzea espero dugu. Euskal herri euskaldun bat da, eta kontzientziazio hori badago. Azpeitiarrek iaz jarrera ona eduki zuten kanpainarekin eta udaberriko kanpainaren inguruan galdezka ari omen dira jada. Interes handia dago herrian. Gainera, saskia erosteko 14 puntu daude Azpeitian; beste herrietan, berriz, bataz beste, lau edo bost daude.

Nafarroa hegoaldeko euskalgintza, Erribera sortu aurretik eta orain (proiektua martxan delarik) konparatuz gero, zer aldaketa azpimarratuko zenituzke?

Aldaketa handirik ez dago. Zerbait azpimarratzekotan beraiek ez direla bakarrik sentitzen da. Beste herrialdeetako jendeak beraiek dauzkaten zailtasunen jakitun direla eta laguntzeko prest daudela ikusteak indarra ematen die.

On line zerbitzua ere baduzue. Jendeak erosten al du Internetetik?

Udazkeneko kanpainan jarri dugu lehenengo aldiz Internetez erosteko aukera. Beraz, aurreko udazkeneko kanpainarekiko ezin dugu konparaziorik egin. Udaberrikoarena bai, ordea. Gutxi gorabehera erosleen heren batek Internetez egiten du erosketa.

Zer helburu dituzue etorkizunera begira?

Dauzkagun hiru kanpainak mantentzea da aurtengo ikasturterako dugun asmoa. Aukera berriak ari zaizkigu sortzen; kontsumo taldeetatik eta denda txiki batzuetatik deitzen ari zaizkigu, baita ikastetxe nahiz ikastoletako jangeletatik ere. Etorkizuna aukera horiei helduz kanpaina aurrera ateratzea da.