Kirol eragileekin bilera irekia egingo du Udalak asteazkenean

Uztarria.eus 2015ko urr. 26a, 18:43

"Elkarlana hobetzeko neurriak aztertu" asmoz antolatu duten batzarra udaletxean egingo dute, 20:00etan. Taldeak ez ezik, norbanakoak ere gonbidatuta daude bileran parte hartzera.

Herriko talde eta eragileekin elkarlanean aritzeko dituen tresna eta bideetan "pauso bat gehiago eman" eta "elkarlana hobetzeko neurriak aztertu" nahi ditu Azpeitiko Udalak. Horrela asteazkenerako, urriak 28, kirol arloko eragileekin batzar irekia egingo du. Udaletxean izango da, 20:00etan.

Batzar ireki horretan parte hartzeko deia egin die Udalak herritarrei. "Ahalik eta partaidetza zabalena izatea" da Udalaren nahia eta, horregatik, norbanako kirolariei, herriko kirol taldeei zein kirolaren inguruan interesa duen edozein herritarrei luzatu die gonbita. "Kirol taldeak ez ezik, norbanakoak ere etortzea nahiko genuke. Izan ere, perfil oso ezberdineko herritarrek egiten dute kirola Azpeitian, eta ahalik eta gehienen iritziak eta ekarpenak jaso nahi ditugu, hemendik aurrerako elkarlana hobetzeko eta sendotzeko", adierazi du Estitxu Elduaien Kiroletako batzordeburuak.