Pedro Otaegi: "Aktore moduan zeure burua probatzeko, antzerkiarekin geratzen naiz"

Uztarria.eus 2015ko urr. 23a, 21:09
Pedro Otaegi, bihar omenaldia jasoko duen Soreasuko pasabidean.

Aurtengo Euskal Antzerki Topaketak estreinatuko dituen Antzerkizale Egunaren baitan egingo den jaialdian omenduko dute bihar, zapatua, Soreasun (21:00). Ez dagoela urduri esan dio Uztarriari, "ez omendu behar nautelako. Urduritzen nauena da, gaur arte ez dakidala zer demontre egin behar duten".

"Euskal Herrian ni Goenkale-ko Euxebio naiz. Azpeitian nire inguruko eta pixka bat gazteagoa den jendeak badaki antzerkian ibili nintzela, baina gaurko gazteek ez". Goenkale-ko postari ezagunarena egin aurretik, ordea, herriko Antxieta antzerki taldean urteak egin zituen Pedro Otaegik (Beizama, 1938). Harrezkero ez da askotan igo oholtza gainera eta gaur egun aktore lanak utzi samartuta dabil. Kantuan bai, aritzen da, Azketa taldean.

Orain arte Baigera Ieko azken solairuan izan duten txokoa utzita, Soreasun Bandak eta Julian Barrenetxea Abesbatzak duten lokal berrian Azketakoekin lehen entsegu saioa egin ondoren etorri da Otaegi Uztarriaren egoitzara, Telefonica zaharreko beheko solairura, Telefonicaren egoitza izan aurretik Luistarren zentroa izan zen tokira; Pedro Otaegik antzerkiarekin lehen harremana izan zuen toki berera, alegia. "Luistarren zentroa zen hau, bai, hala esaten zitzaion. Antzerkiak hemen egiten ziren. Juanito Bikendi, Potxolo beso-motxa, Jaxinto Arregi eta... Joan ziren, haiek! Gu mutil koskorrak ginen eta haiek ikustera etortzen ginen hona", hasi da, gogoratzen.

Eta, orduan piztu al zitzaizun aktore izateko gogoa?

Ez, ez. Niri gerora sortu zitzaidan. Antzerkia beti gustatu izan zait, baina behin ere ez nuen okasiorik izan, "hor izena emango diat" edo "hor hasiko nauk", ez. Konparazio batera, Iñaki [Bergara] Pio gazte sartu zen antzerkiaren munduan, baina ni gero hasi nintzen, Imanolekin [Elias], Antxieta antzerki taldean. Eta nik ordurako edukiko nituen 47 urte, edo 45... ez dakit seguru zer adin nuen, baina alde hori bai. Antxieta taldea hasten ari zela, lehenengo antzezlaneko pertsonaia bat falta zitzaiela eta, antzerkia gustatzen zitzaidanez, animatuko al nintzatekeen esan zidan batek. Eta halaxe hasi nintzen.

Zer pertsonaia izan zen, akordatzen zara?

Ez. Ene, oso memoria txarra daukat! Baina taldea hasi berria zen, lehenengo obratik hasi nintzen ni [Sendagai traketsa (1982) izan zen Antxietak emandako lehen lana, Imanol Eliasek sortua].

Noiz izan zenuen zapatuko omenaldiaren berri?

Orain hamabost bat egun esan zidaten nola zuten jaialdi bat egiteko asmoa, hor omenaldi bat egin nahi zutela eta nirekin akordatu zirela. "Zer, konforme al zaude?", galdetu zidaten. Eta, joño, horrelako gauza bati nola demontre esan ba ezetz? Merezi dudala iruditzen bazaizue, ba bai, aurrera.

Omenaldiaren bezperara iritsita, zer moduz zaude?

Ez nago urduri. Azketa taldean kantukide dudan Juan Mari Lasari esan nion omenaldia egin behar zidatela, baina hizketaldian halaxe suertatu zelako, besterik gabe. "Zer? Ba kantatu egingo diagu. Hik ere bai, e?", esan zidan. Taldeko besteei komentatu zien, eta denak konforme, baita neu ere; haiek kantatu behar badute, kantatuko ez dut, ba, nik ere.

Parte bat behintzat zertan den badakizu, orduan.

Bai, kantatuko dugula bai. Jende artean eserita egongo garela esan dit Itziar Eliasek eta lasai egoteko, abisatuko digula eszenatokira noiz igo. Kontua nondik nora joango den galdetu nion, baina "sorpresa" erantzun zidan. Omenaldiarekin gustura nago. Orain, behintzat, ez nago batere urduri. Kantuko lagunekin egongo naiz, gainera, eta horrek ilusioa egiten dit. Gero, zer antolatuko didaten eta nola jarriko naizen, ez dakit. Alukeriaren bat igoal egingo didate, e...

Antzerkian egindako ibilbideagatik omendu behar zaituzte. Noiz izan zen oholtza gainera igo zinen azken aldia?

Azkena Olentzerorena egin nuen, joan den abenduan, Soreasun bertan. Polita izan zen, baina eman zidan pena bat... Alaitzek [Olaizola] ahotsa ateratzeko eskatu eta Gurutzeri [Eizmendi], Mari Domingiri, bakarrik hitz egin ez nion ba, publikoari begira hitz egin beharrean... Ezta esperientziarik eduki izan ez banu ere!

Eta egin zenuen pertsonaiaz oroitu ez arren, akordatzen al zara Antxietarekin jendaurrean egin zenuen lehen agerraldi hartaz?

Zelaitxon izan zela uste dut, Topaketetan. Lehenengo aldiz jendaurrean azaltzearen tentsio hori, horixe daukat gogoan. Bada oso gogoan dudan beste bat, hura ere Zelaitxon. Motza herrian zuen izena eta monologo bat zen. Anekdota polit bat gertatu zitzaidan, aurreestreinaldikoan. Herrira jaitsi eta andrea galtzen zaion baserritar batena egiten nuen. Andrearen bila hasten zen pertsonaia eta antzokiko atetik sartu behar nintzen, atze-atzetik, ikusleen erditik, "ieup" eginez. Eta ikusleen artean nire aldamenean bizi zen andre bat, errezildarra, ondo ezagutzen ninduena. Hark ez zekien protagonista ni nintzela, iruditu zaio mozkortuta sartu naizela, eta hasi zait: "Pedro, gizarajo hori, etorri zaitez nire ondora, hemen badaukat-eta tokia...". Hura on beharrez eta ni neure baitan, "egon hadi isilik, zer esan behar dudan ahaztuko zaidan eta!". Polita izan zen hura, anekdota bezala.

Antzerkiko zure ibilbide ia osoa Antxieta taldeari lotuta dagoela esan daiteke, antzerki amateurraren munduari. Beste talderen batean ibili al zara?

Ez, antzerkian Antxietan bakarrik ibili naiz, Imanol Eliasekin. Eta esan beharra daukat: Imanol Elias niretzat maisu bat izan da. Dakidan apurra, Imanol Eliasi zor diot. Eszenatoki gainean nola jokatu, teknikak... eskerrak hari!

Antzerkian hasi zinen, baina telebistan egin zinen ezagun.

Euskal Herri mailan bai, Euskal Herrian ni Goenkale-ko Euxebio naiz. Azpeitian nire inguruko eta pixka bat gazteagoa den jendeak badaki antzerkian ibili nintzela, baina gaurko gazteek ez. Nire bilobek, konparazio batera, ez dakite, ez naute antzerkian ikusi. Antxieta taldean bederatzi edo hamar urte egin nituen eta, han nenbilela, Kontxu [Odriozola] etorri zitzaidan bila. Kontxu eta ni elkarrekin hazi ginen, etxepe berean, Elizkalean, eta hark ondo zekien nire berri. 1994a zen, urte horretan hasi zen-eta Goenkale. Telefonoz deitu zidan: "Aizu, Pedro, serie berri bat hastera doa, hiru hilabeterako". Pentsa, hiru hilabeterako zena, gerora zer izan den! Postariaren pertsonaiarako aktorea falta zutela eta proba egitera animatzen al nintzen galdetu zidan. Eta, horretan nenbilenez, benga, aurrera! Hurrengo egunean bertan joan nintzen Donostiara. Andu Lertxundi ari zen orduan aktoreak probatzen eta, Kontxu eta biok bizilagunak izandakoak ginela jakin zuenean, etxepeko kontuez berriketan hasteko esan zigun. Eta horixe izan zen dena. Hamaika urte egin nituen Goenkale-n.

Telebistan ibili zara, filmak ere egin dituzu. Zer du, edo zer eman dizu zuri antzerkiak, besteek ez dutena edo eman ez dizutena?

Antzerkian jendearen arnasa eta dena aditzen duzu. Jendearekin lortzen duzun bat egite hori, zure espresio batekin bat-batean eragin dezakezun algara hori... animatu egiten zaitu. Publikoarekin duzun gertutasun horrek zerbait desberdina ematen dizu. Besteak hotzak dira. Haietan ere ikasi egiten duzu, baina antzerkiak beste xarma bat dauka. Alkahueteago ere bada, hori bai. Telebistan edo zineman akatsen bat egiten baduzu, moztu eta berriro hasteko aukera duzu, eta antzerkian ez dago halakorik. Aktore moduan zeure burua probatzeko, antzerkiarekin geratzen naiz.