Ikastolak 50 urtez izan dituen eraikinak ezagutzeko parada izango da igandean

Uztarria.eus 2015ko urr. 23a, 13:00

Azpeitiko Ikastolak izan dituen egoitzetatik ibilaldia egingo dute etzi, igandea. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik 50. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldietan aurrena izango da igandekoa, eta 09:00etan hasiko dute ibilbidea, plazatik.

Azpeitiko Ikastolak izan dituen egoitzetatik ibilaldia egingo dute etzi, igandea, 09:00etan abiatuta. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraik 50. urteurrenaren harira antolatutako ekitaldietan aurrena izango da igandekoa, eta "familia edo lagun artean egiteko planean" parte hartzera deitu dute antolatzaileek.

Ibilbidea plazan hasiko dute 09:00etan, eta handik Arana kalera joango dira, han, Zentenarioko eraikinean, izan baitzen hastepenetako Ikastolaren egoitza. Ondoren, Esklabetara, Urbitarte auzoko lokaletara, Euskal Herria kaleko egoitzara, Loiolara, Loiolatxora, Oktogonora, Perdillegiko egoitzara eta Urola Ikastolaren egungo eraikinera bertaratuko dira. 11:30ak aldean bukatuko dute ibilbidea Berdura Plazan, eta hamaiketakoa egingo dute bertan. Izan ere, salda, txorizoa eta edariak banatuko dituzte bertan.

Euskal Herria auzoko eraikinetik Loiolara joateko bi ibilbide prestatu dituzte. Haur txikiekin bertaratzen direnek bidegorritik egingo dute joan-etorria, eta gainerakoek, berriz, Arria baserritik zehar.

Ibilaldian ateratako argazkiak Karmelo Etxegarai eta Urola ikastoletara eramateko eskatu dute.