Hornitu proiektuaren aurkezpenerako izen-ematea ireki du Iraurgi Berritzenek

Uztarria.eus 2015ko urr. 22a, 19:27
Hornitu proiektuaren gainean egin diren bilkuretako bat. (IRAURGI BERRITZEN)

"Urola Erdiko enpresen lehiakortasuna eraldatzeko eta hobetzeko helburuarekin, eskualdeko enpresa traktoreen eta hornitzaileen arteko elkarlana sustatu" nahi du garapen agentziak ekimen berri horren bidez. Urriaren 29an egingo dute aurkezpen jardunaldia Azkoitian, Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Aizarnazabal, Beizama eta Errezilgo enpresari guztiei zuzenduta.

Iraurgi Berritzenek proiektu berria aurkeztuko du urriaren 29an. Hornitu da proiektuaren izena eta, horren bidez, "Urola Erdiko enpresen lehiakortasuna eraldatzeko eta hobetzeko helburuarekin, eskualdeko enpresa traktoreen eta hornitzaileen arteko elkarlana sustatu" nahi du garapen agentziak.

Hornitu aurkezteko jardunaldia antolatu du Iraurgi Berritzenek Azkoitiko Insausti Jauregian. 09:00etatik 11:00etara, bi zati izango ditu jardunaldiak. Aurrenekoan, Urola Erdiko egungo enpresa ehunaren egitura zein den azalduko dute, "esanguratsuak diren ezaugarriak azaltzen dituen azterketaren ondorio nagusiak" plazaratuz: sektorekako banaketa, neurriak, azpiegituren nolakotasuna, enpresen gaitasunak... Bigarren zatia, berriz, mahai-inguru bat izango da, eskualdeko enpresa traktoreetako erosketa arduradunen parte-hartzearekin; Glual Group, Sarralle Group, Ibarmia Group, Biele Group eta Juaristi TS Comercial enpresetako ordezkariek hartuko dute parte mahai-inguruan.

"Urola Erdiko enpresa guztietara" zabaldutako proiektua izatea nahi du Iraurgi Berritzenek eta, horregatik, Azpeitia, Azkoitia, Zestoa, Aizarnazabal, Beizama eta Errezilgo enpresari guztiei luzatu die Hornituren aurkezpen jardunaldian parte hartzeko gonbita. Urriaren 29ko saioan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute eta zabalik dute horretarako aukera, info@iraurgiberritzen.eus e-posta helbidera idatzita edo 943026069 telefonora deituta.