'Paradisu Zineman ikusiko gara'

Urola Kostako Hitza 2015ko urr. 21a, 12:11
Paradisu Zinema Azpeitiko zine klubeko kide batzuk, Soreasu antzokian. (E. Albizu Lizaso)

Hilaren 29an estreinatuko dute ikasturtea Paradisu Zinema Azpeitiko zine klub berriko kideek. 11 emanaldi eta bi jaialdi eskainiko dituzte maiatza bitartean, eta bonua jarriko dute salgai.

Paradisu Zinema jarri diote izena Azpeitian sortu berri duten zine klubari. Izen bereko film italiarra maite dute klubeko kideek, eta bere lekua du Soreasu antzokian ere. Izan ere, pelikulako haurra, zeina zinemaren munduarekin liluratuta baitago, agertzen da antzokiko beiratean. "Soreasun egoten zen Txapela-ren film kuttunenetakoa zen, eta harekin ere pentsatu dugu", azaldu du Kepa Urbieta Paradisu Zinemako ordezkariak.

"Jende berria" hasi da lanean proiektuarekin, "indar berriekin". Logoa sortu dute, eta webgune bat jarriko dute abian bihar: paradisuzinema.com. Azarora bitarteko programazioa lotuta dute, eta urriaren 29an izango da lehen emanaldia: Los Exiliados Romanticos (Erbesteratu erromantikoak). "Azpeitian indarra izan du beti zine klubak, eta uste dugu lortuko dugula hastapen haietara gerturatzea: ilusioz gaude", esan du Urbietak.

1976an sortu zuten zine kluba Azpeitian, lehen aldiz. Ondoren, Soreasu antzokia itxi zutenean, herriko gazte batzuk saiatu ziren jarraipena ematen egitasmoari Ta3. zine taldearekin. Betharram aretoan hasi ziren, beraz, 2006an film batzuk ematen. Berriro Soreasu martxan jarri zutenean, zerbitzuaz arduratzen zen enpresarekin adosten zituzten eskaini beharreko pelikulak, eta horrela lan egin dute orain artean. "Gaur egun, Kultur Mahaiak eta Sanagustinek hartu dute Soreasu kudeatzeko ardura, eta udalaren babesa jaso dugu. Pentsatu dugu unea dela zinema eredu honi indarra emateko", esan du Maite Azpiazu zine klubeko kideak.

Erreportajea osorik, Urola Kostako Hitza-ren webgunean.