Bilboko Alternatiben Herrira joateko gonbita luzatu dute herriko hainbat eragile sozialek

Uztarria.eus 2015ko urr. 20a, 21:21
Alternatiben Herrian parte hartzeko gonbita luzatu dutenak, Soreasuko Elkargunea atzean dutela.

Zapatuan, urriak 24, izango da eta Azpeititik joan nahi dutenek Orkatzen eman dezakete izena. Jendea osatzen bada, autobusa jarriko dute; bestela, kotxeak konpartituz joango dira. 09:00etan jarri dute hitzordua, anbulatorioaren aurrean. Gaztetxeak, Elkar-ekinek, Ernaik, ELAk, LABek eta Bizi Dinamikak egin dute deialdia.

Soreasuko Elkargunearen kanpokaldean elkartu dira gaur, asteartea, Azpeitian gizarte arloan ari diren hainbat eragiletako ordezkariak, zapatuan Bilbon egun osoz egingo den Alternatiben Herria egitasmoan parte hartzeko gonbita luzatzeko.

"Euskal Herrian alternatibak badaudela zabaltzea, mugimendu sozial desberdinak elkar ezagutzea, edota gizartearen aktibazio eta mobilizazio beharra azpimarratzea dira, besteak beste, Alternatiben Herriaren helburuak", azaldu dute. Gaztetxeak, Elkar-ekinek, Ernaik, ELAk, LABek eta Bizi Dinamikak egin dute deialdia. Urriaren 24koa "aldarrikapen eta ospakizun eguna" eta "egunerokoan bizia ematen diguten hamaika proposamen handi eta txikien erakusleihoa" izango dela ere esan dute. Hainbat gunetan antolatuta, egitarau zabala antolatu dute zapaturako Bilbon (hemen, PDF dokumentuan).

Azpeitian ere "alternatibak sortzen" ari direla gaineratu dute Bilborako deialdia egin duten herriko eragileek, "izan kultur arloan, aisialdian, kontsumo eredu berriak sortuz, harreman ereduak irauliz, etxebizitza eredu berriak sortzen, lan munduan, baserrian...". Baina egindakoa "ez dela nahikoa argi" dute: "Azpeitia justuago baten alde, hamaika alternatiba berri eraiki beharko ditugu aurrerantzean. Eta asko dugu ikasteko. Esperientzia berriak ezagutu, geure zalantzak konpartitu eta egun eder bat pasatzeko, aukera ezin hobea izango dugu urriaren 24an Bilbon".

Zapatuan Azpeititik Bilbora joan nahi dutenek Orkatzen eman dezakete izena. Jendea osatzen bada, autobusa jarriko dute; bestela, kotxeak konpartituz joango dira. 09:00etan jarri dute hitzordua, anbulatorioaren aurrean.