Añares Riojaren ezina eta Sammic-en garaipen estua

Uztarria.eus 2015ko urr. 20a, 20:01

Emakumeen Ligan, Iraurgikoek 53-90 galdu zuten Cadi La Seu taldearen aurka. Zilarrezko LEB ligako taldeak, berriz, 72-74 gainditu zuen Viten Getafe.

Iraurgi Saskibaloiaren talde nagusiek ibilbide desberdinarekin jarraitzen dute. Bosgarrenean ere ezin izan du garaipenen zerrenda estreinatu Emakumeen Ligako Añares Riojak; Sammic-ek, aldiz, jarraian bigarren partida irabazi du, Getafen.

Añares Rioja ISBri luze, luzeegi egin zitzaion Cadi La Seuren kontrako partida herriko kiroldegian. Atsedenaldira arte maila ederrean aritu ondoren, partidaren bigarren zatian ezin izan zioten erritmoari eutsi Joseba Lizarralde Rubio-ren neskek, eta aurkariek ez zuten gupidarik erakutsi, amaierako 53-90 emaitza gogorra lortu arte.

Saskiratzaileak (Añares Rioja ISB): Garazi Arregi, Naroa Uria (2), Eider Bereziartua (2), Maite Zubizarreta (3), Intza Lizarazu (10), Maria Davydova (6), Maitane Gurrutxaga, Roselis Silva (26), Marina Markovic (4), Eneritz Larrañaga, Oihane Aizpurua.

Sammic ISBk Viten Getaferen etxean jokatu zuen ligako hirugarren jardunaldian eta, azkenerako uste baino larriago ibili bazen ere, Iker Buenoren taldeak garaipena lortu zuen (72-74). Azken laurdenean Sammic 12 puntuz aurretik ibili ondoren, etxekoek majo estutu zituzten Iraurgikoak, 12 segundoren faltan puntu bakarrera jartzeraino.

Saskiratzaileak (Sammic ISB): Sarasola (13), Oroz (3), Arenaza (4), Cirkovic (4), Maiza (8), Segurola (2), Guridi, Skouen (9), Marcius (13), Semple(14).